Gari Ugartek irabazi du Iruki Saria, Aimar Alarcia 'etxekoa'ren aurretik

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 21a, 00:00

Gari Ugarte legazpiarra garaile helmugan, lau iheskideak atzetik dituela, atzo eguerdian Troia ibilbidean.

Bellota Goierri taldeko legazpiarra izan zen onena bost laguneko sprintean, eta bigarren sailkatu zen Iruki Donostialdea Bizikletan taldeko donostiarra.

Gari Ugarte legazpiarrak (Bellota Goierri) irabazi zuen Astigarragako Iruki Saria, atzo eguerdian. Bost laguneko taldetxoan jokatu zuten garaipena, eta sprinta urrutitik abiatu zuen Ugartek, kontrarioak gurpiletik atera eta garaipen argia eskuratzeko. Etxe­ko txirrindulari bat izan zen bigarren, Aimar Alarcia, Iruki Donostialdea Bizikletan taldeko donostiarra. Oso lehia estua izan zuen Ibai Irisarri (Limousin-Oriako) hirugarrenarekin.

Mutilen jubenil mailako eta kadeteen bigarren urteko 77 txirrindulari abiatu ziren Troia ibilbidetik, 95 kilometroko lasterketa osatzeko (9,5 kilometroko zirkuituari 10 buelta); eta 46 izan ziren proba bukatu zutenak. Ia hasieratik egin zuen ihes, garaipena jokatuko zuen boskoteak: Ugarte, Alarcia, Irisarri, Eneko Ortega (Besa-Laboral Kutxa) eta Eñaut Otegui (Limousin).

Bueltaz buelta, tartea haunditu zuten bostek, elkar ondo konponduta; eta azkeneko metroetan jokatu zuten garaipena. Sprint horretan ez ezik, lasterketako ia beste guztietan ere nagusitu zen legazpiarra, ordekan zein aldapa gora. Izan ere, bederatzi tarteko helmugetatik seitan izan zen aurrenekoa; eta mendiko sariaren lehian, 10etik zortzitan nagusitu zen. Hortaz, berak jaso zituen tarteko helmugetako eta mendiko sariak ere.

Talde onena, berriz, Limousin izan zen, aurreneko taldetxoan bi kide sartu zituela baliatuz.

Aimar Capdequi astigartarra (erdian), helmugara iristen. 26garren izan zen, eta kadeteen artean bigarren.
 

Atzetik, tropel nagusitik ihes egiten saiatu ziren hainbat txirrindulari, talde txikitan, aurrekoak harrapatu nahian; eta beste boskote bat helmugaratu zen aurrenekoen ondoren, ia bi minutura, lehenengo 10 postuak osatzeko: Samuel Flores (Eolo Kometa), Aaron Nougue (Nantes Atlantique), Jokin Ascaray (JRG-Urkia), Asier Arteaga (Limousin) eta Ander Duñabeitia (Amorebieta), hurrenez hurren. Zazpi minutura helmugaratu zen talde nagusia, eta bertan zen Aimar Capdequi astigartarra, 26garren. Nabarmentzekoa da bigarrena izan zela txirrindulari kadeteen artean. Taldeka bigarren postua lortu zuen Iruki Donostialdea Bizikletanek.

Zirkuitu laburrari 10 buelta eman zizkiotenez, nahikoa entretenimendu izan zuten proba ikustera gerturatu zirenek, ibilbideko puntu ezberdinetara. Txirrindulari gazteek ziztu-bizian osatu zuten itzuli bakoitza, eta beraz, minutu gutxiren buruan ziren berriro ere bueltan.

Erlazionatuak

Iruki Saria 2023

Kronika - Erredakzioa 2023 abu 20 Astigarraga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!