«Aurreko urteko udaran hasi nintzen harrijasotzen eta beraz iaz baino hobeto ariko naizela uste dut, nahiz eta irabaztea zaila izango den»

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 19a, 00:00

Ainitze Zumeta harri baldarrarekin.

Ainitze Zumeta zarauztarrak lortu zuen txapela 'Etxepazter Harri Txapelketaren' lehenengo edizioan eta aurten ere bertan izango da maila oso altua izango duen lehian. 'Ulia Harri Txapelketa' irabazi berri du Trinitate Plazan.

Ainitze Zumeta harrijasotzaile zarauztarrak irabazi zuen pasa den urtean Etxepazter Harri Txapelketa eta aurten ere bertan ariko da. Gainera Uliako Harria Txapelketa irabaztetik dator. «Aurreko astelehenean irabazi nuen Trinitate Plazan. Asteartean Mallabiko txapelketan jardun nintzen, asteazkenean Portugaleten eta Arantzan erakustaldiak izan nituen, atzo ere izan nuen eta gaur Ergobin hartuko dut parte».

«Lierni Osarekin berdinduta amaitu nuen aurreko urtean, 32 edo 34 altxaldirekin, baina pisuarengatik irabazi nuen». Altxaldi berdinetan pisu gutxiago duenak irabazten du Ergobin. Ergobira garaipena errepikatzeko asmotan dator. «Irabazteko gogoarekin joango naiz Ergobira. Hala ere, ez da erraza izango aurkari gogorrak izango baitira. Lierni Osa bertan izango da eta Karmele Gisasola ere bai, besteak beste». 

Sasoian aurkitzen da harrijasotzaile zarauztarra. «Aurreko urtean Uliako Harria Txapelketan gaizki amaitu nuen eta aurten berriz hobeto eginda errazago iritsi nintzen amaierara. Beraz, ez dakit nola ariko naizen. 2022ko udaran hasi nintzen harrijasotzen eta urte bete eta hilabete batzuk daramatzat eta horrek lagunduko didala espero dut. Aurreko urtean baino hobeto ibiliko naizela uste dut». 

 

«Lotsatia naiz eta hasieran ez nuen ikusten nire burua jendaurrera, plazara irteten»

Zumetak hobekuntza nabaritzen du. «Asteartean Mallabiko txapelketan pasa den urteko altxaldiak ia bikoiztu nituen. Nabaritzen dut teknika asko hobetu dudala». 

Harrijasotzen hasi zen 'Izeta II'.aren bitartez. «Hasieran nire bikoteari, Paulo Azpiazuri deitu zioten eta gero bien artean konbentzitu zidaten. Hasieran ezetz esaten nuen neska lotsatia naizelako eta plazara, jendaurrera ateratzea ez nuen ikusten». 

Lierni Osa eta Lur Errekondo ere harrijasotzen hasi ziren eta horrek bidea erraztu zion Ainitze Zumetari. «Gustora zebiltzala ikusi nuen eta azkenean animatu egin nintzen».

Hasi eta segituan aldendu ziren beldurrak. «Lehendabiziko plazatik. Hasieran urduri zaude, baina harriaren parean jartzen zarenean dena desagertu egiten da. Harria, laguntzaileak eta zu zeu besterik ez dauzkazu buruan». 

 

«Nahiko parranda zalea izan naiz eta aldaketa oso haundia izan da azken bi udaretan bizi izan dudana»

Pasa den urtean harrijasotzen hasi zenetik izandako garapenarekin oso gustora dago, aurretik halterofilian eta crossfitt-ean aritu eta aritzen den kirolariak. «Aurtengo udara oso ongi daramat. Aurreko urtea nahiko nazkatuta bukatu nuen. Erakustaldi eta txapelketa asko izaten ditugu eta azkenean udan denbora asko kentzen dizu. Ni orain arte nahiko parranda zalea izan naiz eta aldaketa oso haundia izan zen. Ez dakit lasaiago ibili naizelako, erakustaldi gutxiago izan ditudalako edo mentalizatuta negoelako errazago eraman dut aurten». 

Azken egunetan erakustaldi eta txapelketa kopurua asko igo dira. «Ia egunero dauzkagu. Irailean jaitsiko dira erakustaldiak eta hortik aurrera ez daukat erakustaldirik iragarrita».

Udara amaituta, neguko lana ez da gogorra izaten Ainitze Zumetarentzat. Kirolari petoa da eta ohituta dago entrenamenduetara. «Neguan teknika lantzen dugu eta arin xamar daramagu. Zarauzko kiroldegian entrenatzen dugu Izeta eskolako neskek, harri tokia bertan dugu. Oso gustora aritzen gara eta ni batez ere harri baldarrekin jarduten naiz erosoen. Astean bitan entrenatzen dugu harriarekin eta ongi daramagu. Neska asko elkartzen gara eta armonia ona dugu, pike sanoarekin». Hala ere, azkenaldian hobekuntza ere nabaritu du betiko harriekin. «Orain zilindroarekin ari naiz moldatzen».

Hori bai, udaran txapelketa bukatu eta festetako giroan ez murgiltzeak pena pixkat ematen dio. «Giroa ikusi eta joan behar izatea da gogorrena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!