Robin Le Normandek piztuko du Ergobiko Jaien txispa

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 18a, 00:00

Haurren eguna izango da gaurkoa, Ergobiko Jaietako lehenengoa.

Gaurtik astelehenera izango dira Ergobiko Jaiak, eta Ergobin bizi den Realeko futbolari frantziarrak botako du txupinazoa, 17:00etan.

Daukaten famari hutsik egin gabe, beti bezain potenteak izango dira Ergobiko Jaiak, aurten ere. Gaur bertan hasiko dira, eta lau eguneko egitaraua prestatu dute, astelehenera bitarte. Haurren eguna izango da aurrenekoa, Asier Acinas futbol txapelketak jarriko du saltsa hasteko. Dozenaka gaztetxo apuntatu dira, lau laguneko taldeetan, eta izenematea itxi behar izan dute. Arratsaldeko 15:00etan jokatuko dituzte finalak.

Horren ondoren izango da jaien hasiera ofiziala, 17:00etan; eta ergobitar ilustre berri bat arduratuko da txupinazoa botatzeaz: Robin Le Normand Realeko futbolariak emango die hasiera festei. Hortik aurrera, haur jolasak, puzgarriak, apar festa, musika eta txokolatada izango dira gaztetxoentzat.

Luma Gorri oilasko jatea prestatu dute afalordurako, eta beste hiru otordu ere izango dira jaietan: bazkari herrikoia bihar, afaria igandean, eta bazkari ofiziala astelehenean. Guztietarako, jaietako txosnan egongo dira txartelak salgai, gaurtik.

Gaur gauean izango da zaldi proba ere, Azkoitiko Txibilterren eta Kantabriako Santamariaren artekoa; eta DJ Mikeltxiren musikak borobilduko du eguna.

Sagardo lehiaketa, tortilla txapelketa, herri kirolak, zezensuzkoa, su artifizialak...

Puntako ekintzak izango dira asteburuan ere. Bihar goizean ez da helduen krosik izango, bertan behera geratu baita; baina bai haurrena, Andre Gobadarien ibai parkean barrena, 10:30etan. Ondoren, eguerdian, tortilla txapelketa egingo dute, eta 12:00ak baino lehen entregatu beharko dituzte tortillak auzotarrek, etxean eginda. Toka txapelketak eta emakumezko harrijasotzaileen lehiak jarriko du saltsa arratsaldean, eta zezensuzkoak eta Laiotz taldeak gauean.

Igandean, berriz, Sagardo Le­hiaketa izango da protagonista, eguerdian erakarriko duen jendetzarekin. Eta arratsaldean, herri kirolen saio bikoitza: Ugaitz Mugertzaren erakustaldia zutikako enborra mozten, eta gizonezko harrijasotzaileen txapelketa.

Eta egun potoloa izango da astelehenekoa ere, jaiak bukatzeko. Idi dema egingo dute 11:00etan, Enrique Artolaren, Aitor Matxainen eta Misiyuaren idi pareekin. Eta bazkari ofizialaren ondoren, Kantu Kolorek eta DJ Etook alaituko dute arratsaldea. Ez da nolanahikoa izango jaien bukaera ere: su artifizialak botako dituzte 23:00etan, eta ekitaldi sorpresa egingo dute 23:30etan.

ERGOBIKO JAIAK

GAUR, abuztuak 18

13:00, Idien pisaketa, plazan

15:00, Asier Acinas II. Futbol Mixto 4x4 Txapelketaren fina­lak, Bidebitarte poligonoko kantxan

17:00, Jaien hasiera ofiziala: haur jolasak, puzgarriak, apar festa, DJ Mikeltxi, eta txokola­tea txurroekin haur guztientzat.

21:00, Luma Gorri oilasko jatea. Txartelak, jaietako txosnan: helduek 25 euro, 16 urtetik beherakoek 12 euro.

23:30 Zaldi proba: Azkoitiko Txibilter eta Kantabriako Santamaria

00:30, DJ Mikeltxi

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!