Igande honetan jokatuko da Iruki Saria, Astigarragako txirrindularitza proba, Donostialdea Bizikletan Txirrindularitza Eskolak antolatuta. Goizeko 10:30etan hasita, jubenilek eta bigarren urteko kadeteek hartuko dute parte, eta 95 kilometroko ibilbidea osatuko dute: 10 buelta emango dizkiote 9,5 kilometroko zirkuituari.
Troia ibilbidean izango da irteera, eta Donostia ibilbidea zeharkatu ondoren, Petritegira eta Sagarlorera igoko dira, bertatik 27 poligonora iristeko. Martutenen zeharkatuko dute Urumea ibaia, eta Ergobiraino iritsiko dira beste aldetik. Troia poligonoari buelta eman, eta hasierako puntuan izango dute helmuga ere. Tarteko helmuga izango da bertatik pasatzen diren bakoitzean, eta 13:00ak aldera bukatuko da proba.
Boluntario bila, bidegurutzeetan egoteko
Hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte lasterketa aurrera atera ahal izateko, Gipuzkoako errepideko denboraldia kolokan jarri zutenak. Eta orain, boluntario bila dabiltza, lasterketaren egunean bidegurutzeetan egoteko. 60-70 lagun lortu nahi dituzte egun hauetan. Horretarako, formularioa prestatu dute, eta helbide honetan bete daiteke: labur.eus/G9fkk.
Autobus zerbitzuan, aldaketak
Lasterketan eraginez, aldaketak izango dira autobus zerbitzuan, 09:30etatik 13:30etara. Oialume Bidetik, Aiotzategi kaletik eta Bidebitarte poligonotik ibiliko dira autobusak, Hernanirako zein Donostiarako noranzkoan, moztuta egongo baitira Troia, Tranbia eta Donostia ibilbideak.