Festarik festa ibiliko dira astigartarrak egunotan, ia atsedenerako tarterik gabe, auzoz auzo. Atzo piztu zen jaia Santiomendin, eta primerako giroa izan zen goizetik. Ez zuten nolanahiko menua prestatu horretarako, tortilla eta sagardo dastaketarekin hasita...
Idi demak, herri kirol desafioak eta bazkari eta afari herrikoiek elkartu zuten jendea, auzoko kaxkoan bertan zein ermitaren inguruan; eta beste horrenbeste gertatuko da gaur, San Roke eguneko ospakizunarekin. Goizeko 11:00etan egingo dute meza ermitan, eta ondoren, eguerdiko 12:00etan, emanaldia eskainiko dute Astigar taldeko dantzariek, kanpoaldean. Bazkari herrikoia izango da gaur ere, 14:00ak aldera; eta horretarako txartelak Ikatza tabernan eskuratu behar dira. Dantzaldiarekin borobilduko dute eguna, Alaiki taldearen eskutik, arratsaldeko 17:30etatik aurrera.
Ergobiko Jaiak lau egunez, ostiraletik astelehenera
Bihar atseden txiki bat hartu, eta festara bueltatzeko moduan izango dira astigartarrak ostiralean, orduan hasiko baitira Ergobiko Jaiak. Lau egunez luzatuko dira aurten, astelehenera bitarte, egitarau bete-betearekin.
Sei hitzordu izango ditu jaien estreinako egunak, etzi. Aurrena, 13:00etan, asteleheneko demarako idien pisaketa egingo dute plazan. Ondoren, 15:00etan, Asier Acinas Futbol Mixtoko 4x4 Txapelketaren finalak jokatuko dituzte, Bidebitarte poligonoko kantxan. Arratsaldeko 17:00etan emango diete hasiera ofiziala jaiei, haur jolasekin, apar festarekin, DJ Mikeltxirekin eta txokolate zein txurroekin.
Luma gorri oilasko jatea izango da 21:00etan, eta zaldi proba 23:30etan, Azkotiko Txibilter eta Kantabriako Santamariarekin. DJ Mikeltxik jarriko dio errematea egunari, eguneko bigarren saioarekin, 00:30etan hasita.