Festa giroak hartuko du Santiomendi auzoa, gaur hasi eta bihar arte. Bi egunez ospatuko dituzte auzoko jaiak, eta auzotarren arteko lehiaketek eta herri kirolek piztuko dute txispa.
Dianaren ondoren izango dute aurreneko zita lehiaketekin, goizeko 11:00etan hasita: auzotarrek egindako sagardoen eta tortillen lehiaketa izango da, giroa pizten hasteko. Segidan, berriz, idi demak hartuko du txanda. Artolaren bi idi pare ariko dira uztarri motzean, eta auzoko bi gazte itzai lanetan: Bustietako Aimar Mujika eta Plazetxeko Egoitz Olarra.
Bazkari herrikoiaren ondoren, berriz, herri kirol desafioa izango da, talde mixtoekin: aizkoran ariko dira Ander Altuna astigartarra, Julen Gabirondo, Xabat Olaizola eta Ibai Soroa; harrijasotzen, Ane Zapirain eta Maitane Lasarte; eta txingetan eta lokots biltzen, Amalur Arbelaitz eta Irati Merkader.
Toka txapelketarekin segiko du arratsaldeko saltsak, eta afari herrikoiaren ondoren, 3Ttuk talde astigartarraren erromeriak jarriko dio erremate borobila egunari.
SANTIOMENDIKO JAIAK
GAUR, abuztuak 15
10:00, Diana
11:00, Tortilla eta sagardo lehiaketa, bertako auzotarrek eginak
12:00, Idi dema. Arloaren idiak uztarri motzean, eta bi auzotar itzai lanetan: Bustietako Aimar Mujika eta Plazetxeko Egoitz Olarra
14:00, Bazkari herrikoia, Larrarte sagardotegian
18:00, Herri kirol desafioa, talde mixtoen arteko lehiarekin. Aizkoran: Julen Gabirondo, Ander Altuna, Xabat Olaizola eta Ibai Soroa. Harrijasotzen: Ane Zapirain eta Maitane Lasarte. Txingetan eta lokotsetan: Amalur Arbelaitz eta Irati Merkader.
19:30, Toka txapelketa
21:00, Afari herrikoia, ermitan
Ondoren, 3Ttuk Astigarragako erromeri taldea
BIHAR, San Roke eguna
Santiomendiko ermitan
11:00, Meza
12:00, Astigar taldeko dantzarien emanaldia
14:00, Bazkari herrikoia. Txartelak salgai Ikatza tabernan.
17:30, Alaiki taldearekin dantzaldia