Herri kirol desafio mixto erakargarria, bihar hasiko diren Santiomendiko festetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 14a, 00:00

Neskek gero eta partehartze haundiagoa izaten dute herri kirol saioetan.

Astigarragako auzoan San Roke egunera arte luzatuko da jaia, ohiko egitarauarekin. Donostiako Aste Nagusian ere ekitaldi ugari izango dira gaur, Igeldoko Harria barne.

Amabirjin Egunarekin, biharko jaie­guna aprobetxatuz, egin ohi du­te urtero festa Santiomendi auzoan, eta aurten ere, ez da jai-girorik faltako. Oraingo honetan, gainera, nobedade ba­tekin datoz: azken urteetako herri kirol desa­fioa berezia izango da Santio­men­diko ermitaren ingurue­tan.

Arratsaldez izango da hori, 18:00etan hasita. Desafioa taldeka izango da eta mixtoa. Gizonez eta emakumez osatutako taldeak antolatuko dira eta aizkoran, harrijasotzen, txinga eroatean eta lokotx biltzean ariko dira. Honela, aizkoran egingo dute Julen Gabirondok, Ander Altunak, Xabat Olaizolak eta Ibai Soroak. Harria jasoko dute Ane Zapirainek eta Maitane Lasartek eta txingekin eta lokotx biltzen ariko dira Amaiur Arbelaitz eta Irati Mercader. 

Haiei esker, hurrengo egu­nerako, San Rokeren omenez­ko festarako, ermita ingurua berotzen hasiko dira. 

Tortilla txapelketa, hasteko

Gainontzean, aurreko urtee­tako ekintzak ez dira faltako Santiomendiko auzo­tarren eta, orokorrean, astigar­tar guztien gozamenerako.

Goizeko 10:00etan hasiko da auzoa esnatzen dianari esker, eta ondoren izango da auzoko ekintza preziatuena:  sagardo eta tortilla lehiaketa. Aurtengoan, nork egingo du tortillarik xamurrena? 

Eguerdiko 12:00etan izango da idi-dema. Aurreko urteetan zaldi-dema antolatu da, baina aurten aldaketa dator. Artolaren idiak uztarri txikian itzain izango dituzte Buztietako Aimar eta Plazetxeko Egoitz. 

Bazkari herrikoiak emango dio segida, gero. Larrarte sagardotegian egingo dute. Handik, ermitara igoko dira, gero eta herri kirol jaialdia amaituta toka txapelketa antolatuko da. Haur txokoa ere jarriko da 18:00etan.

Eguna bukatzeko, afaria izango dute eta ondoren 3ttu Astigarragako erromeria taldeak alaituko du gaua gorputzak kitto esan arte.

Festak jarraipena etzi, San Roke egunarekin

Ermitan izango da festa, aldiz, etzi. Bertan egiten duten meza bereziarekin hasiko da 11:00e­tan, eta Astigar taldeko dan­tza­riek dantzatuko dute jarra­ian, meza bukatzen de­nean.

Bazkari herrikoiak hartuko dio lekukoa 14:00etan, eta indarrak hartu ondoren, Alaiki taldea­ren dantzaldiarekin luzatuko da San Rokeren omenezko fes­ta, gorputzak nazkatzen diren arte.

Donostiako Aste Nagusian, gaur piraten abordatzea

Donostiako Aste Nagusia larunbatean hasi zen eta gaur egun garrantzitsua izango da. Piraten abordatzea da eguneko ekitaldirik jendetsuenetakoa eta goizean zehar baltsak prestatuko dituzte, arratsaldean, 17:00etan, Portuko arranpatik irteteko. Trinitate Plazan Igeldoko Harria txapelketa 18:30etan hasiko da herri kirol zaleentzat eta musika gustoko dutenentzat Gari & Maldanbera taldearen ikuskizuna izango da Sagüesen, 23:45etatik aurrera. Su artifizialen nazioarteko lehiaketan Caffero Event Fireworks enpresa herbeheretarrak jaurtikiko ditu suak 22:45etatik aurrera.

 

EGITARAUAK

DONOSTIA-ASTE NAGUSIA

GAUR

09:00-15:00 Euskal Herriko nekazal produktuen 10. azoka berezia. Loiola kalean.

09:30-12:30 Abordatzera!! baltsen muntaketa. Donostiako Portua.

11:00-14:00/16:00-01:00 Haurrentzako barrakak Urdaneta kalean.

11:00-14:00/17:00-21:30 Eskulangintza azoka. Parte zaharra/Boulevard.

11:30-23:00 Euskal Sagardoa, jan eta edan gunea. Erdialdea-Gipuzkoa Plaza.

12:00-13:30 Trikitilariak Loiola kalean-San Martin azoka.

12:00-13:00 Aquariumeko Itsas Film Festibala. Donostiako Aquariuma.

12:00-01:00 Zurriola Street Food. Kursaaleko terrazak.

12:30-13:30 Bertsolariak. Easo plazan. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Manex Mujika. Gai-jartzailea: Ander Aranburu.

13:00-14:30 Two Rubias DJ.s. Kursaaleko terrazan.

15:30-20:30 Puzgarriak. Katalunia plazan, Grosen.

16:00-20:00 Uretako txirrista erraldoia. Kursaaleko terrazan.

16:30-04:00 Barrakak Paseo Berrian.

17:00-19:00 Abordatzera. Donostiako Portuan.

18:00-20:00 Erraldoiak eta Buruhandiak. Amara Ikasbide ikastolatik abiatuta. Loiolako Erriberan.

18:30-20:45 Igeldoko Harria gizonezkoak eta emakumezkoak.

18:30-20:30 Gauerdi txaranga. erdialdea eta Parte Zaharrean.

18:30-20:30 Txaranga deiadar. Kontxako pasealekuan.

19:30-20:30 Bambalua Teatrok Ñam, Ñam antzezlana aurkeztuko du. Katalunia Plaza, Grosen.

19:30-21:00 Harmonie Bayonnaise Musika banda. Boluevardeko kioskoan.

20:00-21:30 Goizaldi dantza taldea. Konstituzio Plazan.

20:30-22:00 DJ Artie Escolar. Kursaaleko terrazan.

23:30-03:30 Kursaal gune zabala. DJ Gaua Oihan Vega. Kursaaleko terrazan.

22:45-23:15 Su artifizialen Nazioarteko lehiaketa. Caffero Event Fireworks (Herbehereak) Kontxako badian.

23:30-03:30 Kursaal gune zabala. DJ Gaua. DJ Maria Lopez + DJ Mr. Kul. Kursaaleko terrazan.

23:30-02:00 Agirreren orkestra, dantzaldia. Easo plazan.

23:30-00:00 Zezensuzkoen entzierroa. Miramar kaletik Boluevarderaino.

23:30-01:00 Mariachi Internacional Jalisciense. Boluevardeko kioskoan.

23:45-01:15 Gari & Maldanbera ikuskizuna. Saguesen.

23:45-00:45 Festara Gaztelubide Abesbatza. Gaztelubide aurrean.

23:45-00:45 Festara Goratzar Abesbatza. Aitzol parkean, usandizaga/Amara Institutuan.

23:45-00:45 Festara Luberri Abesbatza. Alfonso XIII Plazan.

 

SANTIAGOMENDIKO JAIAK

BIHAR, ABUZTUAK 15

10:00 Diana.

11:00 Sagardo eta tortilla lehiaketa.

12:00 Idi dema. (Artolaren idiak uztarri motxean, itzain Bustietako Aimar eta Plazetxeko Egoitz.

14:00 Bazkaria Larrarte sagardotegian.

18:00 Haur txokoa.

18:00 Herri kirolak desafioa. Talde mixtoak. Aizkoran Julen Gabirondo, Ander Altuna, Xabat Olaizola eta Ibai Soroa. Harrijasotzen Ane Zapirain eta Maitane Lasarte. Txingak lokotxak: Amalur Arbelaitz eta Irati Mercader. 

19:30 Toka Txapelketa.

21:00 Auzo afaria, ermitan.

Ondoren 3ttu taldearen erromeria.

Trikitilariak egun osoan zehar.

ABUZTUAK 16, ASTEARTEA 
SAN ROKE EGUNA

11:00 Meza.

12:00 Astigar elkarteko Dantzariak.

14:00 Bazkari herrikoia. Txartelak agortu arte salgai Ikatza tabernan.

17:30 Alaiki taldearen dantzaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!