Ibai Makazaga eta Erika Alvarez, garaile I. Txirrita Mendi Lasterketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 8a, 00:00

Lehenengo edizioan podiumera igo diren lasterkariak.

Altzan antolatu zen igandean eta Altza, Errenteria eta Astigarragan zehar 16 kilometroko ibilbidea osatu zuten.

Igandean jokatu zen I. Txirrita mendi lasterketa Altza, Errenteria eta Astigarragako lurretan barna. 185 korrikalarik eman zuten izena lehen edizio honetan, baina 150 bat lagun izan ziren Altzako San Martzial plazatik abiatu zirenak.

Ibai Makazaga Aristi oriotarra (1:15:16) gizonetan eta Erika Alvarez Alduncin (1:32:19) aresoarra emakumezkoetan izan ziren 16,7 kilometroko ibilbidean azkarrenak.

Giro ederra izan zen goiz osoan zehar, eta sari banaketen ondoren ere hala jarraitu zuen, Bull DJ-ak jarritako giroa lagun. Antolatzaileak oso pozik amaitu zuten jendeak emandako erantzunarekin, eta «lasterketa antolatzen hasi ginenean jarri genituen aurreikuspen guztiak bete direla esan dezakegu. Beraz, I. Txirrita mendi lasterketaren balorazio oso positiboa egiten dugu».

Hernaniko eta Astigarragako lasterkariak ere partehartu zuten. Hamaikagarren amaitu zuen Mikel Martin hernaniarrak eta bederatzigarren Arantxi de la Fuente astigartarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!