Hasi dituzte jada Astigarragako Herri Eskola haunditzeko obrak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 4a, 00:00

Argazkia: Astigarragako Udala.

Obrek 12 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten dute. Eraikinari eranskin bat egingo diote. 

Pasa den asteartean hasi zituen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Astigarragako Herri Eskola haunditzeko lanak. Gela kopurua dexente haundituko da obrak amaitzen direnean, eta Astigarragako Udalak azaldu du zer egingo duten zehazki: «Obren helburua da aretotik Arrobitxulo aldera doan eremuan eranskin bat eraikitzea, gela kopurua handitzeko». 

Obra guztiaren iraupena 12 hilabete ingurukoa izango dela aurreikusten dute. Urdinberri enpresari esleitu zaio proiektua gauzatzeko kontratua, eta enpresa horrek kudeatuko du eremua lanak irauten duen urtean. 

Eskolaren erabileran aldaketak izango dira datozen hilabeteetan zehar: «Obren ondorioz, abuztuan eskolako patioa eta igogailuaren patioko sarrera eta irteera itxita egongo dira. Horren ondotik, irailean, beste era batera antolatuko da patioa, eskolaren jarduna eta obrak bateragarri egiteko». 

Irailetik aurrerako antolaketa irudikatzeko, obraren plano zehatzago bat ikusgai jarri du Astigarragako Udalak. Gutxigorabehera, patioaren erdia hartuko dute obrek, lanak egiteko beharrezko materiala gordetzeko, itxitura egokia egiteko eta beharrezko lan-tresnak sartzeko. Planoa eta azalpenak eskuragarri daude www.astigarraga.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!