San Inazio eguneko kaleko emanaldia eskainiko du bigarrenez bihar, Astigarragako Eragiyok abesbatzak

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 30a, 00:00

Eragiyok abesbatza, Azpeitian eskainitako emanaldian.

Emakumeon plazatik abiatuko dira eguerdiko 12:30etan, eta kale buelta egingo dute.

Astigarragako Eragiyok abesbatza iaz moduan, aurten ere Astigarragako kaleetara irtengo da bihar, urtearen lehen zatiari amaiera emateko asmotan eta San Inazio eguna ospatzeko asmoz. Izan ere, Eragiyok abesbatzak aitortu du, «iazko esperientzia onaren ondoren, berriro kaleetara aterako gara». Emakumeon plazatik abiatuko dira 12:30etan, eta emanaldi honetarako, abesbatzaren euskal pieza ezagunak aukeratu dituzte, hala nola, ‘Boga boga’, ‘Goizeko izarra’ edota ‘Illunabarra’, bidean zehar emango dituztenak.

Biharko emanaldiarekin emankorra izan den urtearen lehen zatia amaituko dute Eragiyok abesbatzako kideek eta  orain arte egindakoen artean hainbat kontzertu nabarmendu nahi izan dituzte: «Hondarribiko Eliz-Musika Zikloan eta Azpeitiko ‘Udako Musika Printzak’ zikloan emandakoak, non eliz-musikako egitarau berria aurkeztu zen, edota arrakasta handia izan zuen Segoviako Juan Bravo Antzokian emandako kontzertuak». Gainera, Astigarragan ekimen berria jarri dute martxan: 'Ahober' ahots berdinen abesbatza zikloa. Ekainean hasi zena Bilboko Jatorki Ahots Zuriak emakumezkoen abesbatzaren parte hartzearekin.

Oporrak amaitu ostean, hitzordu gehiago aurreikusi ditu Ergiyokek: «Une gorenetako bat 'Ahober' zikloaren bigarren saioarekin iritsiko gara: urriaren 7an Voces Graves de Madrid abesbatza prestigiotsua Erribera kulturgunean hartuz. Era berean, Eako (Bizkaia) ‘MusikEAn’ jaialdian eta Bilbon izango gara, urtea Astigarragan ohikoa den Gabonetako kontzertuarekin amaitu baino lehen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!