Liburua aurkeztu zuten Gure Izarran

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 23a, 00:00

Elkartearen mendeurreneko liburua aurkeztu zuten, elkartearen pasarteak aletu bitartean.

Ostegunean aurkeztu zuten, Astigarragako Gure Izarra elkartean, 'Gure Izarra 1922-2022 historia handiko elkartea' liburua. Lurdes Odriozola historialaria da liburuaren egilea, eta elkarteak dituen 100 urteetan izandako bilakaera eta ibilbidean hartutako erabaki garrantzitsuenak bildu ditu liburuan: «Gure Izarra benetako dinamizatzaile herrikoia izan da. Futbola, pilota, ehiza, ehiza-txapelketak, toka, musa, txirrindularitza, lehiaketa gastronomikoak, omenaldiak, jaiak eta sagardogintza antolatu, bultzatu eta sustatu ditu; gaur egun ere horretan jarraitzen du, baina zorionez beste elkarte eta talde batzuekin lankidetzan. Astigarraga asko aldatu da ehun urte hauetan, eta Gure Izarra ere horren lekuko eta ondorio izan da».

Liburuaren aurkezpen ekitaldian eragile askok parte hartu zuten; Lurdes Odriozola egileak, Ramon Santxez liburuaren koordinatzaileak, Juan Ramon Barrena Gure Izarrako presidenteak, Xabier Urdangarin alkateak, Aintzane BArandiaran kultur zinegotzi ohiak eta Naroa De la Orden kultur zinegotziak. 

Eragile guztien artean elkartean historiako pasarte batzuk aletu zituzten: «Astigarragako gazte talde batek sortu zuen Gure Izarra elkartea 1922an, garai hartan Europan zabaltzen ari zen football-ean aritu ahal izateko. Taldea Astigarraga eta inguruko gazteek osatzen zuten, eta oso garrantzitsua izan zen».

Gure Izarraren ibilbidean, ordea, ez dira beti garai gozoak izan. Diktadura hasi orduko momentu zailak pasa zituen elkarteak, eta 1952 inguruan suspertu zen berriro: «1952an Gure Izarra berriro agertu zen bere estatutuen aldaketarekin eta, lehen aldiz, bere bazkideak elkartu ahal izateko egoitza batekin. Elkartea pixkanaka hazten eta indartzen joan zen. 1962an, besteak beste, bazkide izan nahi zuten herritarren eskaerei erantzuteko, Norberto Almandoz plazara eraman zen elkartea, plaza horretan 70 urte baino gehiago daramatza».

Guztira, 'Gure Izarra 1922-2022 historia handiko elkartea' liburuaren 200 ale argitaratu dira; liburu bana elkarteko bazkideentzat izango da, eta gainontzekoak Udalak hartu ditu astigartarren eskura jartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!