Santio Jaiak

Atzo lehertu zen festa Astigarragan, eta gaur lehertuko da Aranon

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 22a, 00:00

Astigarragako Gazte Asanbladako kideek bota zuten txupinazoa.

Giro ederra izan zuten astigartarrek txupinazoan. Aranon eguerdiko 12:00etan hasiko dira festak.

«Ehun ta ehun, berrehun! Aupa Astiarra!». Horixe ohiukatu zuten Astigarragako Udaletxeko balkoitik Gazte Asanbladako kideek, eta orduan lehertu ziren suziriak Foru plazan. Txupinazo jendetsua izan zen Astigarragakoa, inork ez baitzuen hutsik egin nahi izan Santio Jaien hasiera ekitaldian. Horren aurretik, haurren txanda izan zen goizean; astigartar gaztetxoek goxoki eta urez bete zuten plaza, eta gustura etxeratu ziren.

Egitarauak jarraipena izango du datozen egunetan. Gaur, esaterako, Toka eta Bolo Txapelketak, Patata Tortila Lehiaketa edo Gazte Bazkaria izango dira goizean. Horrez gain, Jaietako lehenengo Pilota Txapelketako finala jokatuko dute Lizeaga anaiek, 12:00etan, Txomiñenen.

 

Eguerdian izanen da Aranoko txupinazoa

Santio Jaien esperoan pasa dute urtea Aranoko bizilagunek ere. Gaur eguerdian botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik, eta lau eguneko egitarauak koloreztatuko du herria. Txupinazoan haurrak izango dira protagonistak; goxotasuna eta izaera herrikoia goxoki zaparradarekin uztartuko baitira. 

Txupinazoa lehertu eta segituan irtengo dira buruhaundiak Aranoko kaleetara, eta plazatik frontoi ondoko karpara igaroko da festa. Bertan eginen dute herriko artisauen eta produktuen azoka. Bertaratzen direnek etxean egindako sagardoa, txorizo egosia, gazta eta askotariko protuktuak eskuratu ahal izango dituzte.

 

Erlazionatuak

Astigarragako Santio jaiak, uztailak 21

Kronika - Erredakzioa 2023 uzt 21 Astigarraga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!