Gaur gaueko 23:30etan Gozategi taldea igoko da Joseba Barandiaran plazako oholtzara, eta Astigarragako festak girotuko dituela zalantzarik ez dute astigartarrek. Musika taldeak bere 30. urteurrena ospatu zuen iaz. 1992an eman zuten lehen kontzertua hirukote gisa. Ainhoa eta Asier Gozategi anaiek trikitixa eta panderoa jo, eta abestu egiten zuten. Haiekin batera Iñigo Goikoetxea ere aritu zen baxua jotzen.
Aurreneko diskoa 1995garren urtean atera zuten, 'Gozategi' izenekoa. Elkar argitaletxeak argitaratu zuen haien lehen kantu bilduma da, eta zigiluak hirukotearen musikaren freskotasuna, bizitasuna eta kolorea azpimarratu zituen, garai hartako trikitixaren munduan berritzaileak izan baitziren.
Ondoren, Gozategik ibilbide oparoa izan du, eta Euskal Herriko plazak betetzen jarraitu du. Guztira, Gozategi taldea 30 urtean aritu da plazaz plaza, eta atzetik doazen herritarrak mordoa dira.
Orain arteko diskoak
Ondorengoak dira Gozategik urte guzti hauetan zehar kaleratutako diskoak: Gozategi (1995, Elkar); Ainhoa (1996, Elkar); Kalanbreak (1998, Elkar); Egunon (2000, Elkar); Goztg.kom (2006, Babelmusik); Bizi-bizirik (2010, Babelmusik); All Stars 1992-2012 (2012, Elkar); Zuzenean 25 urte (2017, Kortanbekaru); eta G puntua (2018, Elkar).