Santio festak hasi diren honetan, gaur arratsaldeko 17:00etan, Orain-Bi konpainiak Mute kale ikuskizuna eskainiko du, Txomiñenea pilotalekuan. Adin guztientzako aproposa den emanaldi bat dela ziurtatu dute Orain Bi konpainiako kideek, eta beraz, astigartarrei bertaratzeko deia luzatu diete. Iraganera egingo dute bidaia Mutu emanaldian, eta aspaldiko sentimenduei egin beharko diete aurre bi akrobatek.
Mute, sinopsia
Mutatu aditzaren aginduzko singularreko hirugarren pertsona: Pertsona, animalia edo gauza baten itxura, izaera, egoera eta abar aldatzea. «…eta egun batean, iragana gure bizitzetara itzuli zen, eta sentitzen dugun guztiarekin topo eginarazi zigun. Gure antzokian berriro elkar ikusi genuen, urteen joana erakusten zuen hautsak guztia estaltzen zuen, eta bizitza berri horretara eraldatuta zirkuko gure ikuskizunak berpizten genituen bitartean, aldi berean gu ere mutatzen ari ginela sentitzearen magia sortu zen! Mutazioa etengabeko zerbait da. Ez daitezela zomorroak bakarrik mutatu. Muta ditzagun egiturak, bai eta gu, pertsonak ere, aurrera egiten jarraitzeko, urrunago, gorago, iristeko; are eta zailagoa den horretara!».
2022ko Leioako Umore Azokan Euskadiko ikuskizun onenaren saria lortu zuen Rodrigo Lacasa eta Sara Alvarezek interpretatzen duten Mutek. Coral Graciani eta Kike Aguileraren zuzendaritzapean umorea, poesia eta sorpresaren bitartez, aldatzeko premiaz jarduten du antzezlanak.