Kiroldegia eraberritzeko oinarrizko proiektua onartu zuten Udal Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 20a, 00:00

Uztailaren 18an egindako Udal Plenoko argazkia.

Proposatutako aurreproiektu guztiak aurrera atera ziren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Pasa den asteartean egin zuten Udal Plenoa Astigarragan. Ohi den modura, uztailaren 4ko akta onartzea izan zen lehenengo pausua, eta jarraian bozkatu zituzten gainontzeko zazpi puntuak. 

Lehenengo puntua izan zen aho batez onartutako bakarra; 2023 urteko herriko jai eguna alderdi guztien aldeko botoarekin onartu zuten. Santio Eguna jaieguna denez, Santa Ana eguna proposatzen du normalean Astigarragako Udalak. Bada, 2024an ere uztailaren 26a izango da herriko jai eguna. 

Osoko Bilkurako bi puntu nagusiak proiektuen bozketak izan ziren. Alde batetik, Astigarragako kiroldegiaren oinarrizko proiektua; eta, bestetik, tanatorioa eta beilatokia egiteko aurreproiektua. Bi proiektuak onartuta geratu ziren EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen. 

Kiroldegiaren kasuan, ejekuzio proiektua idazketa fasean dago, eta udazkenerako amaitzea da aurreikuspena. Beraz, Astigarragako Udalak urtea amaitu aurretik lehiaketa abiatzeko asmoa dauka. Xabier Urdangarin alkateak zehaztu zuen kiroldegiaren eraberritzea bi fasetan bereizita dagoela; lehenengoan, sarrera lekualdatu, irisgarritasuna hobetu, areto gehiago ahalbidetu eta dauden aretoak atonduko dituzte, besteak beste. Bigarren fasea, aldiz, igerilekuaren eraberritzea izango litzateke. Urdangarinek nabarmendu zuen obraren lehenengo fasea gauzatzea dela oraingoz Astigarragako Udalaren asmoa, 5.600.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Aurrerago aztertuko dute bigarren fasea. 

Udal hilerrian beilatokia egiteko proiektuaren kasuan, Urdangarinek azaldu zuen epe erdi luzera gauzatzea dela aurreikuspena, beti ere aurrekontuak ahalbidetzen duen heinean. Beraz, datozen urteetako inbertsioen arabera abiatuko dute ejekuzio proiektua. 

 

Esleipenak eta dirulaguntzak onartu zituzten Tokiko Gobernu Batzarrean

Tokiko Gobernu Batzarrak zenbait kontraturen esleipen prozedura hasi eta beste batzuen esleipena ontzat eman zuen. Esaterako, esleituak daude jasa jolas eta aisialdi eremuak egokitzeko kontratuak, brigadaren lokalaren obrak egiteko kontratua, edota gabonetako argiena. 

Dirulaguntzak, berriz, Astigar elkarteari, Danak Bat Ergobiko elkarteari, Astikat elkarteari eta Amane Fisioterapia lokaleko arduradunari onartu zaizkie.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!