UEMAk martxan jarri du 'Bertatik Bertara' ekimenaren 4. edizioa, eta Astigarragako Udalak kanpainarekin bat egiteko erabakia hartu du. Egitasmoaren helburua da udalerri euskaldunetan euskara nabarmentzea: «Udalerri euskaldunak balioan jartzearekin batera, bisitariak bizi-bizirik dagoen gure hizkuntzaz gozatzera animatu nahi dira. Zerbitzu sektoreko profesionalek zerbitzua euskaraz emateak eskaintzen duen balioaz jabetzea ere bada kanpainaren helburuetako bat», azaldu dute Astigarragako Udaletik.
'Bertatik Bertara' irailaren erdialdera arte mantenduko dute martxan, eta zenbait baliabide prestatu dituzte zerbitzu sektoreko profesionalentzat eta bisitarientzat: «Tabernetarako edo jatetxeetarako kanpainaren mahai gainekoak banatuko dira; guztira, 6.000 ale. Kanpainaren lelo eta testu nagusiarekin batera, bost hizkuntzara itzulitako oinarrizko hiztegitxoa eramango du euskarriak». Horrez gain, euskarri bakoitzak QR kode bat izango du, informazio gehiago eskuratu ahal izateko.
Bisitariei dagokienez, kanpainaren berri ematen duen eskuorria banatuko dute herriko zenbait tokitan, bisitari gehien biltzen diren tokietan, batik bat. Eskuorriek euskerazko eta ingelesezko informazioa izango dute, eta QR kodearen bidez katalanez, gaztelaniaz eta frantsesez irakurri ahal izango da.
Kanpainan parte hartu nahi duten tabernariek doan lortu dezakete materiala, Astigarragako Udalarekin harremanetan jarrita; euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus edo tokigarapena@astigarraga.eus helbideetara idatzita, eta 943 33 10 67 edo 943 50 57 00 telefonoetara deituta.