Astigarragako II. Kros Herrikoiak herriko kaleak hartuko ditu, gaur arratsaldean

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 15a, 00:00

Astigarragako Kros Herrikoiaren bigarren edizioa izango da gaurkoa.

Hasiera batean arratsaldeko 17:30etan hasi behar zuen lasterketak, baina ordua aldatu dute eta; beraz, 17:00etan abiatuko dira korrikalariak Kale Nagusitik, esne makinaren paretik.

Heldu da askok irrikaz itxaron duten eguna; heldu da Astigarragako Kros Herrikoiaren bigarren edizioa. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da lasterketa Kale Nagusitik, esne makinaren paretik; eta korrikalariek eremu horretan bertan amaituko dute lasterketa, hori izango baita helmuga. Astigarragako Kros Herrikoian, 5,7 kilometroko ibilbidea osatu behar izaten dute korrikalariek.  Abiatu eta berehala, Apeztegi plazatik kultur etxe zaharrera iritsiko dira, eta Anuskatik Zarkumendegirako bidegorria hartuta, futbol zelaiaren sarreran buelta eman eta herrigunera itzuliko dira. Ondoren, Galtzaur kaletik sartuko dira, Donostia Ibilbidera iristeko; eta errepidea gurutzatuta, bidegorritik joango dira Txingurriraino. Berriro errepidea gurutzatu, eta Ibailurretik eta hezegunetik iritsiko dira Pilotari kalera, helmugarako bidea hartzeko.

Entrenatu dutena erakustera irtengo dira asko gaurkoan, eta seguru dena emango dutela, batez ere astigartarrek, etxeko lasterketan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!