Azpeitiko Udako Musika Printzak zikloan hartuko du parte Eragiyok abesbatza astigartarrak. Ziklo hau 2021ean jarri zen abian, eta hiru kontzertuk osatuko dute aurtengo ekitaldia. Horietako batean, igande honetakoan, ariko da Eragiyok abesbatza. Arratsaldeko 19:00etan izango da kontzertua, Azpeitiko Soreasuko Sebastianen Parrokian; eta emanaldiaren lehenengo zatia, Bizente Goikoetxeari eskainiko diote. Arabarraren Missa in Honorem Inmaculatae Conceptionis B.M.V. interpretatuko dute, joan den martxoan Hondarribiko Eliz-Musika Zikloan lehen aldiz eman zutena. Baina oraingoan, Ignacio Arakistain izango da organo-jolea. Horrela, abesbatzak musikari azpeitiarrarekin 2020an eta 2021ean egindako lana abestuko du, lau haizetara.
Igandeko emanaldiaren bigarren zatian, aldiz, euskal folklorea izango da protagonista nagusia: «Oraingoan, Kitolis edo Ara nun diran moduko klasikoekin batera, Mixel Labéguerieren Aurtxo-aurtxoa kantu ederrari Sabin Salaberrik egindako moldaketa entzun ahal izango da, Andoni Rodríguez baxu bakarlariaren ahotsean».
San Inazio egunez, Astigarragan
Astigarragako gizon abesbatzak, oporrak hartu aurretik eta ikasturtea behar bezala agurtzeko, azken emanaldia eskainiko du San Inazio egunez, Astigarragan bertan. Iaz egin zuen moduan, aurten ere euren musika kaleetara aterako dute, herriko zenbait txokotan abestuz.