Ostiralarekin hasiko dira aurtengo Santio Jaiak Astigarragan, uztailaren 21ean; eta Santa Ana egunera bitarte luzatuko dira. Hori horrela, inoiz baino luzeagoak izango dira aurtengo festak, sei eguneko egitarauarekin. Asteazken arratsaldean aurkeztu zuten programazioa, Erribera kulturgunean, Naroa Del Orden eta Ainara Vazquez zinegotziek, Gazte Asanbladako Uxue Ollokiegik eta Eider Ugartek, eta Emakumeon Etxeko Inge Lekuonak.
«Hainbeste desiotako egunak ate joka ditugu. Herritarren kohesiorako momentu esanguratsua dira jaiak, egunerokotasuna alde batera utzita, aniztasuna aintzat hartuta, eta jaietan murgilduta. Herriko elkarte ezberdinetako kidez osatutako Jai Batzordean lanean, egitarau anitza eta oparoa osatu dugu. Oso garrantzitsua da jai herrikoiak izatea, herritarrek eta herritarrentzat sortutakoak», nabarmendu zuen Naroa Del Orden kultur zinegotziak. Eta aditzera eman zuen, Gazte Asanbladak botako duela jaien hasierako txupinazoa, bere 30garren urteurrenean: «Udaletik zoriondu egin nahi dugu, eta eskerrak eman egindako lanagatik eta herriari ematen dion bizitasunagatik».
Hainbat ekintza jaien atarian, festa giroa pizteko
Ohi bezala, hainbat ekintza izango dira jaien aurreko egunetan ere, motorrak berotzeko. Larunbat honetan izango dira horietako bi: goizeko 10:00etan hasita, Euskadiko toka txapelketara sailkatzeko tiraldia jokatuko da Norberto Almandoz plazan; eta arratsaldeko 17:00etan, Astigarragako Kros Herrikoia (5,7 kilometro) abiatuko da Kale Nagusitik. Igandean, berriz, hiru ekintza izango dira: 3-10 urteko haurrentzako herri kirolak Kontxa Etxeberria plazan, 11:00etan hasita; ordu berean, Andre Gobadarien ibai parkean, 10-16 urteko gazteentzat orientazio jarduerak; eta arratsaldeko 17:30etan, pelota jaialdia Txomiñenen, Mundarrok antolatuta. Uztailaren 17tik 21era, berriz, mahai jokoen txapelketen finalak jokatuko dituzte Galtzaur elkartean, arratsaldero 18:00etan.
Behin jaietan murgilduta, berriz, denetik izango da. Ohi bezala, makina bat jarduera izango dira haurrei zuzenduta, bazkariak eta lehiaketa herrikoiak ere ugari, eta mota guztietako emanaldiak: Gozategi, Laket, Dupla, La Jodedera edota Laiotz musika taldeak; Alargun Beltzak, Pasai, Artistas del Gremio eta Goxo txarangak; Astigar, Aukeran, Kresala eta Laglo dantza taldeak; Afrika Bibang, Txekoslovako, Voces Riberas, Duo Imperial, Zubietako joaldunak, Izer eta Alabier trikitilariak... Herriko zazpi plazatan izango dira emanaldiak, jaietan.
Jai «berdinzaleen eta seguruen» aldeko deia
Aurkezpenean gogorarazi zuten, era berean, ez dutela «inolako erasorik edo indarkeria adierazpenik onartuko; inolako jarrera matxistarik, sexistarik, arrazistarik edo LGTBIfobikorik». Eta hainbat ekimen antolatu dituzte, «jai berdinzaleak eta seguruak» sustatzeko, Udalak, Gazte Asanbladak, Xaguxar Aisialdi Taldeak, Gaztelekuak eta Emakumeon Etxeak elkarlanean. Horietako bat da eraso matxisten aurrean nola jokatu zehazten duen protokoloa. Jaietako egitarauan txertatu dute hori, eta astigarraga.eus webgunean ere eskuragarri dago. Hiru telefonotan izango da 24 orduko arreta: SOS Deiak (112), Udaltzaingoa (699 487 587), eta Eusko Jaurlaritza (900 840 111). Eta eraso matxisten prebentzio eta arretarako, karpa morea ere jarriko dute tabernen ingurunean, hiru gauetan: uztailaren 21ean, 22an eta 24an, 23:00etatik 04:00etara.
Gainera, Brigada Morea ere jarriko dute martxan, hiru gau horietan, elkarrekin etxera lasai itzultzen laguntzeko. Bi txanda izango dira, 01:00etan eta 03:00etan; eta brigada erabili nahi duenak, 10 minutu lehenago azaldu beharko du Joseba Barandiaran plazako taxi geltokira. Bertan egongo dira Brigada Moreko kideak. Azaldu dute, gainera, txandak betetzeko jendea falta dutela oraindik, eta boluntario aritzeko deia luzatu dute. Horretarako, Emakumeon Etxearekin jarri behar dute harremanetan.
Eta azkenik, Botilzarra kanpaina ere jarriko dute martxan berriro, sustantzien kontsumoaren prebentziorako. Uztailaren 22ko gauean ibiliko dira Ai Laket elkarteko lau hezitzaile, herriko kaleetan, adingabeei informazioa eta materiala banatzen.