Joseba Barandiaran astigartarra gogoan izan zuten atzo, Donostian

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 12a, 00:00

Duela bost urte Astigarragan omenaldia egin zuten, Barandiaranen omenez.

Duela bost urte, Joseba Barandiaranen omenez ekimena burutu zuten astigartarrek, bere heriotzaren 40garren urteurrenean.

Duela 45 urte Joseba Barandiaran astigartarra hil zuen Espainiako poliziak, eta atzo senideek gogoan izan zuten, gaztea hil zuten lekuan, Donostiako Aldapeta eta San Bartolome kaleen artean. Lore eskaintza egin zuten bertaratutakoek, Udalak duela bi urte gaztearen omenez jarritako plakan. 

1978ko uztailaren 11n, Joseba Barandiaran Urkola gaztea, tiro batez hil zuen Espainiako poliziak. 1978ko sanferminetan, uztailaren 8an, Iruñeko zezen plazan izandako liskarretan German Rodriguez gaztea hil zuten tiroz, eta beste hamaika pertsona zauritu zituzten. Manifestazioak eta grebak zabaldu ziren Euskal Herrian. Hiru egun beranduago, Donostian egin zen German Rodriguezen hilketa salatzeko manifestazioan zen Barandiaran eta Espainiako poliziak egindako kargan erail zuten gaztea tiroz, 19 urte besterik ez zituela.

Duela bost urte, Joseba Barandiaranen omenez ekimena burutu zuten astigartarrek, bere heriotzaren 40garren urteurrenean; tartean lore eskaintza egin zieten Barandiaranen senideei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!