2027ko aurreneko seihilekoan egon liteke bukatuta Astigarragako DBHko ikastetxea

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 10a, 00:00

Astigarragako DBHko ikastetxea izan daitekeeneran irudietako bat.

Lan bilera egin zuten aurreko astean Uzcanga estudioak, Eusko Jaurlaritzak eta Astigarragako Udalak, exekuzio proiektuaren idazketa hasteko.

Lau urte barru, 2027ko lehenengo seihilekoan, egon liteke bukatuta Astigarragako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxea. Hala azaldu du Astigarragako Udalak, prozesu horretan eman diren azkeneko pausoen ondoren. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Uzcanga enpresari esleitu berri dio proiektuaren idazketa, eta lan horri ekiteko bilera egin zuten joan den asteartean, Astigarragako udaletxean bertan, inplikatutako hiru aldeek: Astigarragako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Uzcanga estudioak.

Bilera horretan, Uzcanga estudioak ezagutzera eman zituen lehiaketara aurkeztutako proposamenaren nondik norakoak, eta elkarrekin aztertu zuten bildutakoek. Gainera, eman beharreko urratsak antolatu zituzten, exekuzio proiektua idazteko eta plan berezia egiteko.

Uzcanga enpresak datorren ur­t­eko otsailera arteko epea izan­go du proiektua idazteko, eta ondoren, beste lehiaketa bat jarri beharko du martxan Hezkuntza Sailak, obrak egingo dituen enpresa aukeratzeko. Dena ondo bidean, lehiaketa hori amaituta egon liteke 2024 urtearen amaieran, Udalak aurreikusi duenez. Horren ondotik, obrak egitea izango da azkeneko urratsa, eta bi urtekoa da aurreikusitako iraupena. «Horrenbestez, gorabehera berezirik ez badago eta gauzak ondo joanez gero, DBHko ikastetxea amaituta egon liteke 2027ko lehen seihilekoan», azaldu du Udalak.

Proiektuaren kostua 13 milioi euro pasatxokoa izango da, zerga guztiak barne hartuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!