Datorren larunbatean jokatuko da, uztailaren 15ean, Astigarragako Kros Herrikoiaren bigarren edizioa. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da lasterketa Kale Nagusitik, esne makinaren paretik; eta bertan izango du helmuga ere. Tartean, 5,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Abiatu eta berehala, Apeztegi plazatik kultur etxe zaharrera iritsiko dira, eta Anuskatik Zarkumendegirako bidegorria hartuta, futbol zelaiaren sarreran buelta eman eta herrigunera itzuliko dira. Ondoren, Galtzaur kaletik sartuko dira, Donostia Ibilbidera iristeko; eta errepidea gurutzatuta, bidegorritik joango dira Txingurriraino. Berriro errepidea gurutzatu, eta Ibailurretik eta hezegunetik iritsiko dira Pilotari kalera, helmugarako bidea hartzeko.
16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte, eta izenematea zabalik dago herrikrosa.eus webgunean, 5 euroan. Saria izango da aurreneko emakumearentzat zein gizonarentzat: barazki saski bana. Joseba Barandiaran plazan egingo dute sari banaketa, lasterketa bukatzean.