Mai & The Elvis Boys ibai parkean, ilunabarretako kontzertuak hasteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 00:00

Mai & The Elvis Boys hirukotea ariko da gaur Andre Gobadarien ibai parkean.

Gaur eskainiko dute emanaldia, 20:00etan, Maitane San Josek, Juanjo Erentxunek eta Daniel Fernandezek.

Ilunabarrak Gobadarien parkean izeneko kontzertu zikloa antolatu dute Astigarragan, uda honetarako. Guztira, doako lau emanaldi izango dira, abuztura bitarte, Andre Gobadarien ibai parkean (euria egingo balu, Erriberako atarian). Horiei, irailean emango die segida Ilunabarrak teilatupean zikloak, beste bi emanaldirekin.

Gaur bertan emango diote hasiera zikloari, Mai & The Elvis Boys taldearen kontzertuarekin. Iluntzeko 20:00etan eskainiko du emanaldia hirukoteak: Maitane San Josek jarriko du ahotsa, Juanjo Erentxun ariko da kontrabaxuarekin, eta Daniel Fernandez gitarrarekin. Elvis Presleyren doinuak ekarriko dituzte.

Gaur zortzi, uztailaren 14an, izango da bigarren emanaldia, Kemaronte taldeak eskainiko duena, ordu eta toki berean. Ustaritz Betelu abeslariak eta Alejandro Mercado gitarristak osatzen dute taldea, eta bere disko berria aurkeztuko dute ibai parkean, bertsioz osatutakoa. Norberto Almandoz musika eskolako ikasle ohia da Ustaritz Betelu.

Abuztuan izango dira beste bi kontzertuak. Hilaren 4an joko du Iónico talde argentinarrak, eta bere eskutik, «Latinoamerikako kulturan barrena bidaia» egingo dute entzuleek, «Argentinatik Kubara, herrialde bakoitzeko abesti ezagunenak eskainiz». Eta hilaren 25ean, azkenik, J Martina taldea izango da ibai parkean. Larrabetzuko Kattalin eta Ane Barcena ahizpek abiatutako proiektua da, eta Javi Jorajuriarekin batera osatu zuten hirukotea. Pop elektronikoa egiten dute, «frexkoa bezain dantzagarria».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!