Ezohiko deialdian, asteartean bildu zen Astigarragako Udaleko Plenoa, datozen lau urteetarako batzordeak osatu eta organo ezberdinetako arduradun eta ordezkariak aukeratzeko. Eztabaidarik gabe eta aho batez onartu zituzten puntu guztiak.
Horrela, Tokiko Gobernu Batzarra osatuko dute honako bost kideek: Xabier Urdangarin alkatea, Ainara Vazquez, Naroa Del Orden, Maria Otaegi eta Patxi Suarez. Hain justu, azkeneko lau horiek izango dira alkateorde, orden horretan.
Antzeko osaera izango du bozeramaileen batzordeak ere: Xabier Urdangarin, Ainara Vazquez (bere ordezko, Naroa Del Orden), Maria Otaegi (bere ordezko, Manex Aldalur), eta Patxi Suarez.
13 batzorde informatzaile izango ditu Udalak, datozen lau urteetan; aurrekoan baino bi gehiago. Izan ere, bitan banatu dute berdintasuna, elkarbizitza eta partaidetza zena (berdintasuna eta elkarbizitza batetik, eta partaidetza bestetik); eta herri segurtasunari eta trafikoari eskainitako batzorde berria sortu dute. Batzorde guztietan, berbera izango da osaketa, alderdi bakoitzeko ordezkari kopuruari dagokionez: EH Bilduko hiru zinegotzi (lehendakaria barne), EAJ-PNVko bat, eta PSE-EEko beste bat. Honakoak izango dira lehendakariak, batzorde bakoitzean: Xabier Urdangarin, kudeaketa, berrikuntza eta pertsonalean, eta tokiko garapenean; Naroa Del Orden, partaidetzan, kultura eta jaietan, eta kirola, jarduera fisikoa eta gazteetan; Ainara Vazquez, berdintasuna eta elkarbizitzan, eta euskara eta hezkuntzan; Andoni Gartzia, ogasuna eta ondarean, eta hirigintza, etxebizitza, ingurumena eta mugikortasunean; Aitor Guemes, obra eta zerbitzuetan, eta jasangarritasun energetikoan; Esti Neira, gizarte zerbitzuak eta adineko pertsonetan; eta Joseba Ilari Etxeberria, herri segurtasuna eta trafikoan.
Kontratazio-mahaiari dagokionez, Xabier Urdangarin izango da lehendakaria (Esti Neira bere ordezkoa); bokalak, Kontxi Urdampilleta udal idazkaria eta Amaia Bengoetxea kontuhartzailea; eta idazkaria, Udaleko idazkaritzako administraria.
Organo kolegiatuetan parte hartuko duten ordezkariak ere izendatu zituzten Plenoan. Xabier Urdangarin izango da udal ordezkaria Garbitanian, Sagardun Partzuergoan, Buruntzaldeko Taxi Batzordean, Elkarkidetzan, Eskualdeko Batzorde Soziosanitarioan eta Eudelen. Aitor Guemes izango da ordezkaria Behemendin eta Añarben; Ainara Vazquez Eskola Kontseiluan eta Haurreskolak Partzuergoan, Esti Neira Euskal Fondoan, eta Andoni Gartzia Udalbiltzan. Astigarraga Lantzenen, berriz, honakoak izango dira bost udal ordezkariak: Xabier Urdangarin, Andoni Gartzia, Esti Neira, Maria Otaegi eta Patxi Suarez. Beterri Buruntza Mankomunitatean bi ordezkari izango ditu Udalak, Xabier Urdangarin eta Ainara Vazquez; eta beste bi San Markos Mankomunitatean, Aitor Guemes eta Xabier Urdangarin. Eta UEMAn, azkenik, lau ordezkari izango dira: Xabier Urdangarin, Ainara Vazquez, Andoni Gartzia eta Maria Otaegi.
Sagardun Partzuergoko idazkari gisa, Leire Alkorta (Partzuergoko langilea) izendatzea erabaki zuten, eta Kontxi Urdampilleta izango da bere ordezkoa.
Plenoak, hileko azkeneko asteartean 19:00etan
Plenoen maiztasuna, eguna eta ordua ere zehaztu zuten asteartean, eta aurreko legegintzaldiko berberak izango dira: hileko azkeneko asteartean egingo dituzte Plenoak, arratsaldeko 19:00etan. Uztailean, edonola ere, aurreratu egingo dute, Santio Jaiak tarteko: hilaren 18an izango da hurrengoa, bi aste barru.
Eta zinegotzi batzuen liberazioak ere adostu zituzten. Horrela, lanaldi osoan liberatuta egongo da Xabier Urdangarin alkatea; lanaldi erdian Ainara Vazquez (euskera, hezkuntza, berdintasuna eta elkarbizitzako arduraduna), Naroa Del Orden (kultura, jaiak, kirola, gazteak eta partaidetzako arduraduna) eta Esti Neira (Alkatetzako idazkaria eta komunikazio arduraduna); eta %40ko liberazioarekin Maria Otaegi, EAJren bozeramailea.