Labetik atera berri dute 2023ko Astigarraga Aldizkaria, eta ostiral arratsaldean hasiko dira banatzen, herriko hainbat puntutan: Valella, Goxua eta Erriberako Ogiberri okindegietan, Ainhoa janaridendan, eta Erribera kulturguneko Udal Liburutegiko erakustokietan. Horietan guztietan, aldizkaria jaso eta nahi duen ekarpen ekonomikoa egin dezake norberak, borondatez.
Musikaren inguruko hausnarketa izango du erdigunean aurtengo Aldizkariak. Hori horrela, musikaren bilakaera historikoa eta gaur egungo egoera sakon aztertu dituzte, musikarekin zerikusia duten talde, erakunde eta pertsonek. Horretarako, hausnarketa saio bat ere egin zuten Murgia Jauregian, maiatzaren 20an. «Musika balio kulturaltzat hartuz, Aldizkariaren gai nagusi gisa proposatu dugu, bai idatziz, bai ikusentzunezkoetan».
Izan ere, hausnarketa saioari buruzko ikusentzunezkoa jarriko dute ikusgai Astigarraga Aldizkariaren webgunean (astigar.eus/aldizkaria). Lau minutuko aurrerapen bideoa ikusi daiteke bertan, dagoeneko.
Elkarrizketak, Lorena Lopezi, Olatz Alkortari eta Luis Telleriari
Musikari buruzko hausnarketaz gainera, arlo ezberdinetako erreportajeak landu dituzte aurtengo Aldizkarian ere. Historiaren ingurukoak dira horietatik hiru: Astigarragako tranbiari buruzkoa, emakume serorei eta haien praktikei eskainitakoa, eta Orri zuriak betetzen dokumentalaren ingurukoa.
Toki nabarmena dute elkarrizketek, aurtengo alean ere. Oraingoan, Lorena Lopez gizarte-langilea, Olatz Alkorta piraguista eta Luis Telleria pinturaren maisua dira protagonista, elkarrizketa banarekin. Gainera, herritar berrien gogoetak ere bildu dituzte, eta gazteen hausnarketa eta lehentasunak.
Martin Ormazabalek kulturaren arloan egindako lana, Aldizkarian jasota
Toki berezia daukate kulturak eta kultur eragileek, aurtengo Aldizkarian ere. Bertan jaso dute, besteak beste, Martin Ormazabalek «gure kulturaren esparruan egin zuen lan haundia, eta bereziki euskal dantzekin zuen lotura», Aldizkariaren lantaldeak aurreratu duenez.
Literaturari ere egin diote lekua aurtengo alean, ohi bezala. Oraingoan, besteak beste, bildu dituzte Urtzi Leoneten, Irati Oskozen eta Koldo Mitxelena literatur lehiaketan saritutako gazteen ekarpenak.
Zientziaren atalera salto eginda, Aranzadiko Ion Garinen erreportaje bat ere bildu dute Aldizkarian: espezie arrotz inbaditzaileak sakon deskribatu ditu herpetologoak.
Eta azkenik, herriko elkarte eta taldeen proiektu eta ekimenei ere egin die tokia Astigarraga Aldizkariak. Horien artean daude, besteak beste, Emakumeon Etxea, Txirriskla txistularien elkartea, Urumeaberri gobernuz kanpoko erakundea, Gure Izarra elkartea, eta Astigarte.
1.000 artikuluren langa gainditu du Aldizkariak
42garren edizioa du aurtengoa, Astigar elkarteak urtero argitaratzen duen Aldizkariak; eta orain arteko ibilbide luzean, makina bat artikulu landu ditu. Zifra borobila osatu dute aurtengoan, gainera, 1.000 artikuluren langa gainditu baitute, edizio honetan argitaratutakoekin: zehazki, 1.006 artikulu dira, orain arte egindakoak. Aldizkariaren webgunean (astigar.eus/aldizkaria) daude eskuragarri guztiak; bai aldizkari formatuan, eta baita digitalean ere. Bertan daude ikusgai, era berean, aurreko urteetan landu dituzten ikusentzunezkoak ere.
Aldizkariaren lantaldeak nabarmendu du, «ezinbestekoa» dela «laguntzaile askoren ekarpen altruista, herritarren ekarpena, eta aldizkariko lantaldearen ahalegina, proiektu soziokultural hau garatzeko». Hori horrela, lankidetza-hitzarmena dauka Aldizkariak Udalarekin: «Hitzarmen horri eta erakustokietan jasotzen ditugun herritarren ekarpenei esker eutsi diezaiokegu Astigarraga Aldizkariaren izaera herrikoiari», nabarmendu dute.