Ezohiko Plenoa gaur, Astigarragako Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 4a, 00:00

Arratsaldeko 19:00etan jarri dute hitzordua, udaletxeko areto nagusian, eta 12 puntu landuko dituzte.

Uztaileko azkeneko asteartera itxaron gabe, ezohiko deialdian elkartuko da Astigarragako Udaleko Plenoa, gaur arratsaldean. 19:00etarako jarri dute hitzordua, udaletxeko areto nagusian; eta 12 puntu landuko dituzte. Bigarren Plenoa izango da legegintzaldi berrian, ekainaren 17an udal korporazioa osatu zenetik.

Aurreko bi Plenoetako aktak (ekainak 17 eta 22) onartu ondoren, eta udal inbentarioen egiaztapena eginda, udal talde politikoak eratuko dituzte gaurkoan. Horrekin batera, bozeramaile batzordea sortu eta hori nola osatu erabakiko dute. Bertan zehaztuko dute Plenoen aldizkakotasuna ere.

Udal organoen osaketarekin jarraituko dute hurrengo puntuetan ere: seigarrenean, batzorde informatibo iraunkorren sorrera eta osaketa; eta zazpigarrenean, kontratazio-mahai iraunkorrarena. Organo kolegiatuetan parte hartuko duten ordezkariak ere izendatuko dituzte, eta alkateari eta tokiko gobernu batzarrari eskumenak eskuordetuko dizkiote.

Bestelako bi puntu ere landuko dituzte, gaurko Plenoaren bukaeran. Batetik, 11garrenean, berretsiko dute Astigarragako Uda­laren Iruzurra Prebenitzeko, Detektatzeko eta Zuzentzeko Plana, 2022ko martxoaren 29ko Plenoan onartutakoa. Eta bestetik, azkeneko puntuan, alkatetzako hiru ebazpenen berri emango dute: udal talde politikoentzako lokalen ba­naketa, tokiko gobernu batzarraren eraketa, eta alkateordeen izendapena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!