Zabalik dago Astigarragako Brigada Morean parte hartzeko izen ematea

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 2a, 00:00

Uztailaren 14ra arte eman daiteke izena txandalari izateko.

Txandalari izan nahi dutenek formularioa betez edo korreoz eman dezakete izena, uztailaren 14ra arte.

Zabalik dago jada Astigarragako Brigada Morean txandalari gisa parte hartzeko izen ematea. Santio Jaietan etxera bakarrik ez joateko aukera emango du Brigada Moreak, eta udaletik nabarmendu dute «zaintza komunitarioaren ikuspegitik» antolatutako ekintza dela: «Jaietako gauetan etxera bakarrik joateko segurtasunik eza adin ezberdinetara zabalduta dago eta errealitate horri autodefentsa feministaren bidez erantzun nahi diogu». 

Egitasmoak zenbait helburu ditu: batetik, «herri gisa elkar zaintzeko kontzientzia zabaltzea»; eta, bestetik, «etxera lasai joan ahal izatea guztion eskubidea dela aldarrikatzea». Horrez gain, gizarteko estereotipo bati aurre egiteko nahia azaldu du Astigarragako Udalak: «Gizonezkoen salbatzailearen estereotipoa aldatu nahi dugunez, borondatez parte hartzen dutenak emakumeak* izatea erabaki dugu. Zerbitzua, aldiz, adin eta genero desberdinetako pertsona guztientzat egongo da eskuragarri». Hala, gurasoentzat ere baliagarria izatea bilatu dute antolatzaileek, seme alaba gaztetxoak etxera taldean itzultzeko aukera izan dezaten. 

Zerbitzua jaietako hiru gauetan eskainiko dute: uztailaren 21ean, 22an eta 24an. Gauero bi txanda izango dira etxera taldean joan ahal izateko; lehenengoa goizaldeko 01:00etan eta bigarrena goizaldeko 03:00etan. Irteera beti Joseba Barandiaran plazatik izango da. 

Txandalariei dagokienez, hirunaka ibiliko dira joan etorrian, eta hitzordua baino 10 minutu lehenago Joseba Barandiaran plazako taxi geltokian itxaron beharko dute txaleko morea jantzita dutela. Etxera laguntzea nahi duten pertsonak iristen direnean joan etorria egingo dute elkarrekin. 

Izena emateko epea zabalik dago jada, eta zabalik mantenduko dute uztailaren 14ra arte. Bi modu daude txandalari izateko, batetik emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbide elektronikora idatzita, eta bestetik https://forms.gle/2njXxA8AXFFatcz66 galdetegia beteta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!