GauTOPA antolatu du Astikok ostiralerako, herriko establezimenduen eta sortzaileen gaueko azoka

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 28a, 00:00

Astikoko zenbait establezimendutako arduradunak, Emakumeon Plazan.

Emakumeon Plazan izango da, 21:00etan hasita. 11 postu izango dira, jan-edana eta musika ere bai, eta ahalik eta pizza gehien jateko lehiaketa.

Udako gauetako giro atsegina baliatuz, ekimen berezia prestatu du Astiko Elkarteak, ostiral honetarako. GauTOPA egingo dute Emakumeon Plazan: herriko establezimenduen eta sortzaileen gaueko azoka, hain zuzen ere. 

Gaueko 21:00etan hasiko da azoka, eta 11 postu jarriko dituzte Emakumeon Plazan: 115 Sagar Ore Ama, Amalei Estetika Zentroa, Astigarraga Tattoo, Biokcom, Habian Interiorismo, Kolpez Blai, Lur jostuna, Mon Paperdenda, Pastain Irudi Zerbitzuak, Saioart eta Triton Moto arropa denda.

Horrela, produktuen salmenta ez ezik, zerbitzuak ere izango dira azokan: tatuajeak, makillajea, argazkiak, ilustrazioak... Gainera, ez da faltako jan-edanik, eta ezta musikarik ere. Iluntzeko 20:30etan hasiko dira herria musikaz girotzen, orduan abiatuko baita Astigarragako Kolpez Blai perkusio taldea, kalejiran, Kontxa Etxeberria Plazatik, Emakumeon Plazara bidean. Herritarrak azokara inguratuko dituzte horrela. Gaueko 21:30etatik aurrera, berriz, Javi Hidalgo disko jartzaileak girotuko du azoka.

Nor izango da pizza gehien jateko gai?

Azokak iraun bitartean, bestalde, lehiaketa berezi bat ere izango da bertan; pizza lehiaketa, 115 Sagar Ore Amak egindako pizzekin: Nor izango da pizza gehien jateko gai? Aldez aurretik izena eman duten gazteek hartuko dute parte lehiaketan, gaueko 22:00etan hasita.

Joan den urtearen bukaeran hasi zuen hausnarketa prozesua Astiko Elkarteak, herriko gazteengana hurbiltzeko asmoarekin. «Hausnarketa horren ondorioetako bat izan zen, elkartetik ahalegina egin behar zela gazteek herriko establezimenduak ezagutu zitzaten. Eta horretara dator, hain zuzen ere, GauTOPA gaueko azoka», azaldu dute Astiko elkarteko kideek.

Azoka antolatzeko, Astigarragako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Turismo eta Kontsumo sailaren dirulaguntza jaso du elkarteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!