Trans eta LGTBI+ legearen inguruko mahai-ingurua bihar Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 26a, 00:00

Mahai-ingurua 18:00etan hasiko da eta astean zehar LGTBIQ+ Harrotasunaren eguna aldarrikatzeko hainbat ekintza antolatu dira.

Datozen egunotan, ortzadarraren kolorez jantziko da Astigarraga: udaletxeko fatxadan, kiroldegian, Gaztelekuan eta Erribera kulturgunean LGTBIQ+ bandera jarriko da. Etzi, LGTBIQ+ Harrotasunaren eguna aldarrikatzeko asmoz, Udalak, Emakumeon Etxeak, Gazte Asanbladak eta Gaztelekuak antolatuta hainbat ekintza burutuko dira.

Udalak bihar antolatu du Trans eta LGTBI+ legearen inguruko mahai-ingurua Gehitu, Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkartearekin batera. 18:00etan, Erriberako erakusketa-gelan izango da. Hizlariak honakoak izango dira: Brayan Altimasberes Alaminos (Loratuz Loratuko kidea, trans aktibista eta Hiruki Larroxako langilea), Josebe Iturrioz (aktibista transfeminista eta irakaslea) eta Asmi Molina (intersex aktibista eta Gehituko kidea); moderatzaile-lanetan Izei Etxeberria arituko da (aktibista trans asexuala eta Gehituko idazkaria).

Mahai-inguruaren helburua bikoitza da: batetik, jendartean eztabaida piztu duen trans legea ezagutzera ematea, legearen lorpenak, gabeziak eta erronkak azaltzea; bestetik, mahai-inguruko hizlariek eta moderatzaileak euren bizipenak kontatuz, genero-identitate eta orientazio-sexual anitzetara gerturatzea.

 

Gaztelekukoek LGTBIQ murala sortuko dute etzi eta ostiralean Zinegoak jaialdiko hainbat film labur eskainiko dira

Bestalde, etzi, ekainaren 28an, 10:30etan, Gaztelekutik abiatuta Kultur Etxe Zaharraren azpiandagoen paretan LGTBIQ+ murala sortuko dute.

Azkenik, Bilboko Zinegoak, LGTBIQ+, 20. nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiko film laburren emanaldia eskainiko da ekainaren 30ean, 19:00etan, Erriberako terrazan, doan eta jatorrizko azpitituluekin. Honako film laburrak eskainiko dira: 1. Irrits (Euskadi), 2. Warsha (Libano-Frantzia), 3. Arnasa (Euskadi), 4. Dating internet strangers (Brasil), 5. Son (Espainia), 6. Ezohikoak (Euskadi), 7. It’s a gray, gray world (Iran).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!