Astigarraga txapeldun, paleta gomazko Herriartekoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 26a, 00:00

Astigartarrek elkarrekin atera zuten familia argazkia finala amaitu eta gero.

Hiru partiduetan nagusitu dira banaka eta binaka frontoi osoan, 20-15 eta 20-17 hurrenez hurren eta 20-8, banaka zazpi t'erdi barruan.

Astigarraga Herriartekoan txapeldun irten zen atzo paleta gomaz, Mutrikuri hiru eta zero irabazi eta gero. Gipuzkoako Herriartekoan beraz, Astigarragak aurkari denak gainditu ditu eta finala uste baino errazago irabazi zuen Azkoitiko Gurea frontoian.

Asier Salaberriak banaka, frontoi osoan, lehenengo puntua eman zion taldeari 20-15 irabazita. Dudarik gabe, garaipen horrek lasaitasuna eman zien taldekideei eta ondoren, binakako, txapela lortu zuten. Partidua oso lehiatua izan zen, baina Mikel Txoperena eta Beñat Zubiarrain astigartarrek txapela lortzeko bigarren puntua lortu zuten Astigarragarentzat, Mutrikuko bikotea 20-17 garaitu eta gero.

Hirugarren partidurako dena zegoen erabakita, baina astigartarrek eguna borobildu nahiz zuten. Honela, Ganix Urdangarinek 20-8 itxi zuen Herriarteko finala.

Ondoren familia argazkiak atera zituzten protagonistek txapelekin eta bertaratutako astigartarrekin. Orain hiru urte eskuzkoan nagusitu zen Astigarraga, lehenengo aldiz, Donostiako Atano frontoian eta orain paleta gomaz lortu du taldeak txapela Azkoitiko Gurean. Orain ere herritarren babes haundia izan zuten eta animoak ez ziren falta izan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!