Udala eremu bat eraikitzen ari da txakurrak ibai-parkean aske ibili daitezen. Hormigoizko plataforma bat eraikiko dute, eta bertan iturria, zaborrontzia eta bankuak jarriko dituzte. Eta, inguruko berdegunea hesiekin itxiko da.
Lan horiek bi asteko iraupena izango dute, Construcciones Laugas, S.A. enpresak egingo ditu eta 24.532,15 euroko aurrekontua izango dute (BEZa barne).
Udalak jabeei gogorarazi nahi die eremu horretan txakurrak aske ibil daitezkeen arren, gorotzak jaso egin behar dituztela. Eta arriskutsu bezala sailkatutako txakurrek muturrekoa eraman behar dutela.
Txakurrak aske ibiltzeko eremuak
Eraikitzen ari den honekin, hiru txakur-parke egongo dira herrian eta Astigarragako Udala etorkizunean beste bi txakur-parke zabaltzeko aukera aztertzen ari da. Gainera, 2021ean, parte-hartze prozesu batean animalien ordenantza berrikusi zenean, txakurrak aske ibiltzeko eremu berezi eta ordutegi batzuk ezarri ziren (betiere arriskutsutzat sailkatuta ez badaude eta erasoagatik aurrekaririk erregistratuta ez badute): neguan 19:00etatik 11:00etara eta udan 20:00etatik 10:00etara; Murgiako parkean, Mundarro plazan, Andre Gobadarien ibai-parkean (erdiko gunean) eta Maskarrene bidean.