Pleno aretoa beteta zegoela, zinegotzi kargua hartu dute Astigarragako Udaleko 13 hautetsiek, eta alkatetza berritu du Xabier Urdangarin Lasak, beste lau urterako. Ione Olaziregi zinegotzi ohiaren eskutik jaso du alkate makila, eta lanean «zintzo» jarraitzeko promesa egin du.
Hautagaitza lortu duten hiru alderdietako buruak izan dira alkate izateko hautagai gaurkoan, eta EH Bilduko zortzi hautetsien botoa jaso du Urdangarinek, bozketan. EAJ-PNVko lauek egin dute Maria Otaegiren alde, eta abstenitu egin da Patxi Suárez, PSE-EEren ordezkaria.