Eider Ugarte Rodriguez eta Andrea Loinaz Maizcurrena astigartarrek jaso dute Berdintasun saileko ikerketa beka, Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko. Horrela, Astigarragari ekarpen esanguratsua egin dioten emakume erreferenteen bilduma osatuko dute bi astigartarrek, puntuaziorik altuena lortu baitu beraien proiektuak: XX. eta XXI. mendeetan Astigarragako bizitza kultural, sozial, ekonomiko eta politikoak izandako hainbat emakume erreferente. Emakume erreferente horiek identifikatzeko, hainbat iturri erabiliko dituzte; tartean, herritarrei modu irekian galdetzea proposatu dute.
10.000 euroko beka da, eta 18 hilabeteko epean burutu beharko dute ikerketa lana. Pedagogian graduatua da Eider Ugarte, eta musikoterapiako masterra burutu du. Astigarragako Gazte Asanbladaren parte da, eta Berdintasun Mahai Txikian hartzen du parte, joan den urtetik Kontxa Etxeberria foroa antolatzen duena. Andrea Loinaz, berriz, Gizarte Lana eta Gizarte Hezkuntzan graduatua da, eta gizarte hezitzaile gisa ari da lanean: familia eskuhartzeak burutzen, eta Irungo kulturarteko bitartekaritza programako koordinatzaile lanetan.
«Sorpresaz eta ilusioz» jaso dute beka: «Izugarrizko aukera da maila profesionalean eta pertsonalean garatzeko, eta aparteko grina daukagu ikerketa gure herrian burutzeko». Behar «haundia» ikusi dute herriko emakume erreferenteei «merezi duten errekonozimendua» egiteko, eta horiek identifikatuta, ahotsa eman nahi diete, «euren ekarpen eta bizipenak jasoz eta ezagutzera emanez. Izan direnen istorioak ezagutuz soilik izango baikara», nabarmendu dute.