Musikarekin lotutako hitzorduak izango dituzte gaur eta bihar Astigarragako herritarrek. 'Batu Musikari' zikloaren baitan, Norberto Almandoz musika eskolako konboek kontzertua eskainiko dute gaur, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Emakumeon plazan. Doakoa izango da sarrera, eta musika eskolako hainbat taldek joko dute. Hortaz, herriko musikari gazteak izango dira arratsaldeko protagonistak.
Asteburuko bigarren ekitaldi musikala bihar ospatuko dute. Musika Eguna izango da Astigarragan, eta ekintza ugari antolatu dituzte festa giroan gozatzeko. Kalejira egingo dute goizeko 10:15etan hasita, eta ondoren, ikasturte bukaerako jaialdia egingo dute eguerdiko 13:00etan, Erriberako antzokian. Emanaldietan parte hartuko dute 3. tailerreko ikasleek, hizkuntza musikaleko ikasleek, abesbatzako kideek, Seiak bat taldeak, Laukote taldeak, txistu taldeak eta banda txikiak.
Aste honetako eskaintza kulturala igandean itxiko dute astigartarrek, 80 urtetik gorako pertsonei egingo dieten omenaldiarekin. Ohiko omenaldiaren ondoren, Gure Izarra elkartean bazkalduko dute.