Nondik dator proiektu hau sortzeko ideia?
Prozesu luze baten emaitza da. Ni Euskal Herrira etorri baino lehenxeago hil zen nire amona, eta josteko makina bat utzi zidan. Nik ez nekien josten, hezitzailea naiz ofizioz, baina banekien egunen batean ikasiko nuela. Beraz, nire egoera pixka bat egonkortu zenean, denbora hartu nuen josten ikasteko. Zenbait ikastaro egin nituen, eta ikasi nuen emaitzei ez ezik, ibilbideari ere erreparatzen. Ez naiz jostun bikaina, baina ekintzak balio dit nire emozioak baretzeko eta kudeatzeko.
Hortaz, niri eragiten zidan sentsazioa elkarbanatzeko, ikastaro batzuk antolatu nituen, inguruko emakumeei zuzendutakoak. Hor ikusi nuen sare sendo bat sortzeko aukera genuela, eta nik beti izan dut buruan proiektu potoloago bat. Horregatik, gaur aurkeztuko dugun proiektua planifikatu nuen; orain, guztia prest daukadan honetan, emakume gehiago batzen joatea da asmoa.
Zer ikusiko dute Emakumeon Etxera bertaratzen direnek?
Helburu nagusia da azken urte t'erdian sortu dudana erakustea. Baina hori erakusteko modu ludiko bat neukan buruan; horregatik, egokia iruditu zitzaidan Arakne pertsonaiaren bidez helaraztea. Arakne mitologia greko-erromatarreko pertsonaia da, jostun bat. Bere fabula gizon batek kontatzen du, esanez Arakne oso emakume gaiztoa eta handiustea dela, eta zigor modura armiarma bihurtu zutela.
Hain mezu itsusiaren aurrean, horri buelta bat ematea da intentzioa. Istorioa beste ikuspegi batetik narratzea, ondorioak ere bestelakoak izan daitezen. Esaterako, ingurumenaren zainketa edota emakumeen arteko elkarlana eta saretzea.
Euskal mitologiak ere badu tartea antzerkian...
Bai, hori da. Dena uztartzeko ideia inguruko emakumeek eman didate. Bakoitzak ideia batzuk eman dizkit, eta dena lotzeko tartea bilatu dugu. Polita iruditzen zait euskal kultura errespetatzea, ni Sevillatik etorri naizenetik oso ondo sentitu naiz, oso eskertuta nago, eta esker on hori proiektuan erakutsi nahi nuen.
Istorioaren protagonista Arakne da. Lehen aipatu dudan modura, ospe txarra du, eta nik moldatutako kondairan etxetik joatea erabakitzen du, Euskal Herrian denda bat irekitzeko. Orduan, bere bezero onena Basandere pertsonaia izango da, euskal mitologian soineko ederrak janzteagatik ezaguna dena. Horixe izan da lotura.
Nori zuzendutako obra da?
Emanaldia mundu guztiarentzat diseinatuta dago, berdin du zein den bakoitzaren generoa eta adina. Argi daukat helburua zein den: emakumeek dauzkagun sinergiak azaleratzea eta ingurumenari buruzko mezuak igortzea. Hori ondo datorkio edozeini.