Martxan dago Astigarragako euskera eta hezkuntzako teknikaria hautatzeko prozesua

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 6a, 00:00
Deialdiaren oinarriak www.astigarraga.eus webgunean daude eskuragarri.

Oposizio lehiaketa bidez hautatuko da behin betiko langilea, eta ekainaren 23ra arte aurkeztu daitezke eskaerak.

Astigarragako Udalak euskera eta hezkuntzako teknikari postua behin betiko hornitzeko deialdia egin du. Oposizio bidez egingo da hautaketa prozesua, eta oinarri guztiak eskuragarri daude Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Astigarragako Udalaren webgunean (www.astigarraga.eus).

Jardun osoko lanaldia bete beharko du hautatutako pertsonak, eta unitatearen funtzionamendua zuzentzea, planifikatzea, koordinatzea, bultzatzea eta hobekuntza ekintzak gauzatzea izango dira egiteko nagusiak.

Hori horrela, hiru arlotan egin beharko du lan, batik bat, teknikariak: lehenik, euskeraren erabilpena normalizatzeko udal planean, hori gauzatzeko planak eta programak definituz eta ebaluatuz; bigarrenik, hezkuntza arloan, herriko hezkuntza eragileekin, aisialdiko elkarteekin eta gurasoekin elkarlanean; eta, azkenik, kudeaketan, arloarekin zerikusia duten memoriak eta txostenak egiten, datuak biltzen, informazioa eguneratzen eta eragileekin kontaktua mantentzen (AEK, UEMA, Beterri Buruntzako Mankomunitatea, eskualdeko euskera zerbitzuak...).

Hautagaiek bete beharreko baldintzei dagokienez, euskal ikasketak, itzulpengintza, soziolinguistika edo hizkuntza plangintza inguruko ikastaroa eginda izan behar dituzte, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C2 euskera maila izatea beharrezkoa da.

Hautaketa prozesuan parte hartu nahi duten guztiek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute, ekainaren 23a baino lehen, Astigarragako Udaletxean bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!