Jatorki Ahots Zuriak abesbatzak kontzertua gaur, Astigarragako elizan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 3a, 00:00

20:00etan hasiko da Eragiyokek antolatutako 'Ahober ahots berdinen' zikloko lehenengo kontzertua.

Astigarragako Eragiyok abesbatzak, Ahober ahots berdinen abesbatza zikloa antolatuko du Astigarragan. Aurreneko kontzertua gaur izango da, Andre Maria Zeruratzearen elizan eta doako sarrerarekin dela argitu du Eragiyok abesbatzak. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Bilboko Jatorki Ahots Zuriak abesbatza izango da protagonista eta Eragiyok abesbatzak sarrera gisa hasierako kantuak abestuko ditu. Ondoren, Bilboko emakumeen abesbatzaren ahotsetan, Eva Ugalde, Pablo Sorozabal, Idoia Azurmendi eta Jesus Guridiren obrak entzun ahal izango dira, besteak beste.

Amaitzeko, bi taldeek Aita Donostiaren hiru euskal doinu aukeratu dituzte batera abestu ahal izateko, entzuleen gozamenerako.

Ziklo honekin Eragiyokek Astigarragako, inguruko herrietako eta Gipuzkoako kultura eskaintza handitzea bilatzen du, gutxiago landutako esparru batean, ahots berdinen taldeena.

 

Hiru kontzertu izango dira urtean zehar: gaur, urriaren 7an eta abenduaren 23an

Eragiyok abesbatzak bost urte beteko ditu aurten eta hori da zikloa antolatzeko beste arrazoietako bat. Javier Oyarzun Eragiyok abesbatzako ordezkariak I.Ahober ahots berdinen abesbatza zikloaren xehetasunen berri eman zuen. «Lehenengo ekitaldia hiru kontzertuz osatuta dago: gaurkoa izango da aurrenekoa».

Bigarren kontzertua urriaren 7an izango da, Erriberan, eta protagonista nagusia izango da Madrildik etorriko den Voces Graves de Madrid abesbatza. Azkenik, hirugarren kontzertua, abenduaren 23an eskainiko du etxeko abesbatzak, Eragiyokek, Astigarragako elizan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!