Ikasturte bukaerako ospakizunak eta Nazioarteko Ingurumen Eguna, ekaineko agendaren bereizgarri

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 3a, 00:00

Apar festa eta guzti ospatuko dute gaur ikasturte bukaerako jaia, Astigarragako Herri Eskolakoek.

Astigarragako Herri Eskolako jaiarekin emango diote hasiera gaur, hileko kultur programazioari. Ekintza ugari izango dira bereziak: jendaurrean ehuntzeko nazioarteko eguneko topaketa, 'ZGhedapena' zine jaialdia, Gaueko Azoka... 

Santio Jaiei eta oporrei begira jarri baino lehen, kultur ekintzaz betetako hilabetea daukate astigartarrek aurretik. Beherakadarik ez da izango jardueretan, eta hainbat nobedade eta ekintza berezi tarteko, egitarau potoloa osatu dute ekainerako ere.

Tartean izango dira, esaterako, ikasturte bukaerako ospakizunak. Gaur bertan izango da horietako bat, Astigarragako Herri Eskolako jaia egingo baitute, Foru Plazan, egun osoan zehar. Denetik izango da, guraso elkarteak antolatuta: jolasak, eskulanak, kirol olinpiadak, txaranga, bazkaria, apar festa...

Astigarte elkarteak, berriz, erakusketa antolatu du ikasturtea borobiltzeko, eta ekainaren 12tik 17ra jarriko dituzte ikusgai egindako lanak, Erriberan. Eta azkenik, hilabetearen bigarren erdian emango dio bukaera ikasturteari Norberto Almandoz musika eskolak: konboen emanaldia 16an, Musika Eguna 17an, eta entzunaldiak 19tik 23ra.

Ahober zikloaren aurreneko edizioa ere hasiko da hilabete honetan, Jatorki abesbatzak gaur bertan eskainiko duen emanaldiarekin: Andre Maria elizan, 20:00etan.

Protagonismo berezia izango du Nazioarteko Ingurumen Egunak (ekainak 5), Astigarragako kultur programazioan. Horren harira prestatu dituzte hainbat ekintza, aurretik eta ondoren: Izarren hartza haur antzerkia bihar; ipuin kontaketa ekainaren 8an; Santiomendiko tximeleten oasian landaketak hilaren 9an; eta Sugebizi mendi irteera gidatua ekainaren 11n, Aranzadiren eskutik, sugeak non dauden eta naturari nola eragiten diote ezagutzeko, familian edo lagunartean.

Azoka bereziak ere ez dira gutxi izango, ekainean. Hilaren 10ean egingo dute aurrenekoa, goizean zehar, Emakumeon Etxean: trukerako arropa azoka. Egun horretan bertan, gainera, Puntu eta kitto topaketa izango da, Harituz elkarteak antolatuta, jendaurrean ehuntzeko nazioarteko eguna ospatzeko.

Hilaren 25ean izango da beste azoka berezi bat, Zaporeak ekimen solidarioarena, Joseba Barandiaran plazan. Janari eta produktuen postuak jarriko dituzte, eta Greziako Lesbos hirian dauzkaten sukalde solidarioetara bideratuko dute bildutako dirua.

Eta ekainaren 30ean, azkenik, Gaueko Azoka berezia jarriko du Astiko merkatarien elkarteak. Emakumeon plazan izango da, 22:00etan hasi eta 01:00ak arte, saltokiak gauez kalera aterata, eta jan-edanarekin zein musikarekin girotuta.

ZGhedapena emanaldiak borobilduko dute ekaineko ekintza berezien sorta, hilaren azkeneko egunean hori ere. Zinegoak LGTB+ nazioarteko zine jaialdiko zazpi film labur eskainiko dituzte, 19:00etan hasita Erriberako terrazan: Irrits, Warsha, Arnasa, Dating internet strangers, Son, Ezohikoak eta It's a gray, gray world. Jatorrizko hizkuntzan jarriko dituzte denak, azpitituluekin.

 

EKAINEKO KULTUR AGENDA: ASTIGARRAGA

3 Herri Eskolako jaia, ikasturte bukaera ospatzeko. Foru Plazan, 10:00etatik 19:00etara.

3 I. Ahober abesbatza zikloa: Jatorki eta Eragiyok. Andre Maria elizan, 20:00etan. Sarrera doakoa.

4 'Izarren hartza' haur antzerkia. Teatro Panta Rhei. Andre Gobadarien ibai parkean, 17:00etan (euria eginez gero, Erriberako atarian). Sarrera doakoa.

7 'Arakneren komedia' hitzaldia, Laura Vegaren eskutik. Emakumeon Etxean, 18:30etan. Izenematea: emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com.

8-11 Nazioarteko Ingurumen Eguna. Ekainaren 5ean izango da, eta horren harira, hainbat ekintza antolatu dituzte:

Ekainak 8: Ipuin kontaketa, 4-8 urteko haurrentzat, 17:00etan Erriberan. Gonbidapenak aurrez, Erriberan.

Ekainak 9: Santiomendiko tximeleten oasian landaketak, 11:00etan udaletxetik abiatuta.

Ekainak 11: Sugebizi mendi irteera gidatua, Aranzadiren eskutik, 10:00etan Foru Plazatik abiatuta. Ondoren, hamaiketakoa.

9 Zer Larretan taldearekin kantu afaria. Gure Izarra elkartean, 20:30etan.
Sarrera: 30 euro.

10 Trukerako arropa azoka. Emakumeon Etxean, 11:00etatik 13:00etara. Azokan arropa jartzeko, izena eman behar da: emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com.

10 'Puntu eta kitto' topaketa, Harituz elkartearen eskutik. Kontxa Etxeberria plazan, 11:00etatik 13:00etara.

12-17 Ikasturteko artelanen erakusketa, Astigarte elkartearen eskutik. Erribera kulturgunean, 09:00-13:00 eta 16:00-20:00 ordutegian.

13 Irakurketa Kluba, J.M. Coetzeeren 'Lotsaizuna' liburuari buruz. Erriberan, 19:30etan. Isabel Etxeberriak zuzenduta, euskeraz.

14 'Orri zuriak betetzen' dokumentala. Erriberan, 19:00etan. Euskeraz, gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrera doakoa.

16 Plastika saioa, Astigar elkartearen eskutik. Erriberan, 17:00etan. Doakoa, baina izena eman behar da: Erriberako harreran (ekainak 9-14), edo 695 752 994 / 652 701 553.

16 Norberto Almandoz musika eskolako konboak. Emakumeon plazan, 18:00etatik 21:30etara.

16 Mintzalagun egitasmoaren ikasturte bukaerako merienda. Ikatza tabernan, 19:00etan.

17 Musika Eguna, Norberto Almandoz musika eskolaren ikasturte amaierako jaialdia. 10:15etan kalejira eta 13:00etan emanaldia Erriberako antzokian.

18 80 urtetik gorakoei omenaldia. 09:30etan Txirrisklako txistularien diana; 11:30etan txaranga; 13:00etan meza Txomiñenen; eta segidan, Aiztondo abesbatzaren eta Astigar taldeko dantzarien emanaldia, bazkaria Gure Izarra elkartean, eta Susana Aurkiaren soinu emanaldia elkartean bertan.

19-23 Norberto Almandoz musika eskolako entzunaldiak, Erriberako aretoan:

19, Pianoa 18:00etan.

20, Haize instrumentuak eta gitarra klasikoa, 18:00etan.

21, Bateria, 18:30etan.

22, Baxua eta gitarra, 19:00etan.

23, Pianoa eta ahotsa, 19:15etan.

23 San Joan gaua. 19:00etan San Joan Zortzikoa kalez kale, Txirrisklako txistularien eskutik. 22:30etan San Joan sua piztu, eta Astigar taldeko dantzariek San Joan Zortzikoa dantzatuko dute. 23:00etan zezensuzkoa, txistulariek Iriarena doinua jo bitartean.

25 Zaporeak ekimen solidarioaren azoka. Joseba Barandiaran plazan, 11:00etan.

26 Literatur solasaldia, John Banvilleren 'Las singularidades' liburuari buruz. Erriberan, 19:30etan. Jorge Carrerok gidatuta, gaztelaniaz.

27 Liburu Txiki Kluba, Mestiza elkartearen eskutik. Liburutegian, 17:00etan. 3-5 urteko haurrentzat, heldu batek lagunduta. Gonbidapenak, liburutegian.

30 Zghedapena, Zinegoak zine jaialdiaren emanaldia. Erriberako terrazan, 19:00etan. Sarrera doakoa. Zazpi film eskainiko dira: 'Irrits', 'Warsha', 'Arnasa', 'Dating internet strangers', 'Son', 'Ezohikoak' eta
'It's a gray, gray world'.

30 Gaueko azoka, Astiko merkatarien elkarteak antolatuta. Emakumeon plazan, 22:00etatik 01:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!