Zita garrantzitsua daukate Astigarragako palistek, bihar, Txomiñenen. Izan ere, bertan jokatuko dute Herriarteko Txapelketaren final laurdenetako bueltakoa, goizeko 11:00etan hasita, Zumarragaren kontra.
Kanporaketako markagailua alde dutela ekingo diote astigartarrek. Izan ere, 1-2 nagusitu ziren Zumarragan, aurreko asteburuan; eta bi tantoren abantailarekin bueltatu ziren. Alde horri eutsi eta finalerdietara sailkatu nahi dute.
Asmo horrekin ariko dira Astigarragako lau palista, hiru modalitatetan. Aldaketa bakarra izango da, joan den asteburuko laukotearen aldean: Asier Salaberriak jokatuko du buruz burukoa frontoi osoan, Asier Luluagaren ordez, dagoeneko osatu baita bere lesiotik. Binakakoan, Mikel Txoperena eta Beñat Zubiarrain ariko dira berriro; eta Ganix Urdangarinek jokatuko du banaka zazpi barruan.