Bost urte beteko ditu Astigarragako Eragiyok abesbatzak, eta hori aitzakia hartuta, 'Ahober ahots berdinen abesbatza zikloa' antolatuko du Astigarragan. Atzo aurkeztu zituzten abesbatza zikloaren nondik norakoak Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak, Aintzane Barandiaran kultur zinegotziak eta Javier Oyarzun Eragiyok abesbatzako ordezkariak. Alkateak hartu zuen hitza aurrena, ondorengoa adieraziz: «abesbatza gaztea, baina aurretik asko ibilitakoa, ibilbide ederra egin duena. Uste dut maila haundiko abesbatza zaretela eta guretzako plazerra da zuen taldeak Astigarraga errepresentatzea».
Jarraian, Javierrek I.Ahober ahots berdinen abesbatza zikloaren xehetasunen berri eman zuen eta aitortu zuen lehenengo ekitaldia hiru kontzertuz osatuta dagoela: lehenengoa ekainaren 3an izango da, Bilboko Jatorki Ahots Zuriak abesbatzak eskainiko duena. Astigarragako elizan izango da, arratsaldeko 20:00etan hasita. Bigarren kontzertua urriaren 7an izango da, Erriberan, eta protagonista nagusia izango da Madrildik etorriko den Voces Graves de Madrid abesbatza. Eta hirugarren kontzertua, abenduaren 23an eskainiko du etxeko abesbatzak, Eragiyokek, Astigarragako elizan.
Guzti honekin, Eragiyokek «Astigarragako, inguruko herrietako eta Gipuzkoako kultura eskaintza haunditzea» bilatzen duela dio Oyarzabalek, «gutxiago landutako esparru batean, ahots berdinen taldeena». Horrekin, ahots berdinen errepertorioa zabaltzeko egindako lanari jarraipena ematen dio. «Izan ere, bost urteko ibilbide honetan ahots berdinetarako egindako ia ehun obra desberdin abestu ditugu, euskal egileenak izanik horietako hirurogeita hamabost. Zikloak ikuspegi hori haunditzea ahalbidetuko du, ahots zurietarako eta ahots grabeetarako idatzitako Euskal Herriko eta nazioarteko egileen obren bitartez, hemengo eta hango abesbatzekin, urtez urte ospatzeko asmoarekin jaio den hitzorduan» azaldu du Eragiyoken ordezkariak.
Ekainak 3, Ahots Zuriak eta Eragiyok
Aipatu moduan, zikloko aurreneko kontzertua larunbatean izango da, Andre Maria Zeruratzearen elizan eta doako sarrerarekin dela argitu du Eragiyok abesbatzak. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Jatorki Ahots Zuriak abesbatza izango da protagonista eta Eragiyok abesbatzak sarrera gisa hasierako kantuak abestuko ditu. Ondoren, Bilboko emakumeen abesbatzaren ahotsetan, Eva Ugalde, Pablo Sorozabal, Idoia Azurmendi eta Jesus Guridiren obrak entzun ahal izango dira, besteak beste. Amaitzeko, bi taldeek Aita Donostiaren hiru euskal doinu aukeratu dituzte batera abestu ahal izateko.
Abesbatzen zikloari buruzko xehetasunak eman ostean, Aintzane Barandiaranek ondorengo hitzak eskaini zituen, Eragiyok abesbatza goraipatuz: «eskerrak eman nahi dizkiet, Eragiyok abesbatzako kideei. Izan ere, kultura arlotik beti saiatzen gara egitarau zabal bat prestatzen eta haien ekarpena oso positiboa izan da bost urte hauetan. 46 emanaldi eman dituzte, eta sari asko ere lortu dituzte. Dinamika haundia duen abesbatza da, eta asko eskertzen da».