Astigarragako Udalak aditzera eman du Aranzadi Zientzia Elkartea, Gogora Institutuarekin (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) batera, Gerra Zibileko biktimei buruzko ikerketa-lanetan dabilela azken urte hauetan. Hala, «Aranzadi Elkarteak Gerra Zibileko biktimen inguruko informazioa bilduta» duela jakinarazi du. Dokumentazio hori «zinez interesgarria, garrantzitsua eta baliagarria» dela aitortu dute. Eta horregatik, elkarteak eskuragarri jarri du biktima horien senideek jaso dezaten.
Kriminologia eta Psikologia ikasketak buru ostean hasi zen Maider Urretabizkaia Iradi astigartarra Aranzadi Zientzia Elkartean lanean, eta zehazki, Gerra Zibileko biktimei buruzko ikerketa lanetan aritzen dela dio. Jendeari euren senideek gerran jasandako errepresioari buruzko informazioa lortzen laguntzen diola adierazi du Urretabizkaiak: «kasu batzuetan (zoritxarrez, oso gutxitan), gorputzak aurkitu eta hezurrak entregatu ahal izaten ditugu. Merezi duten eta orain arte eduki ez duten lurperatze duin eta baketsu bat emateko».
Maddalen Laburu historialariak gerra zibila eta frankismo garaiko (1936tik 1945era) Astigarrako biktimei buruzko ikerketa-lana burutu zuen eta ikerketa-lan hori izan da hain zuzen ere, “Orri zuriak betetzen” dokumentalaren abiapuntua.
Maiderrek Astigarragako Udalari aipatu dio Gerra Zibileko biktima astigartar ugariren dokumentazioa bildu dutela Aranzadin eta, dokumentalak herrian piztu duen jakinmina aintzat hartuta, «dokumentazio hori herritarren eskura jartzea interesgarria litzatekeela». Astigarragako Udala guztiz bat dator Maiderrekin. Horregatik, Udalak Gerra Zibilean hildako, desagertutako edota preso egondako senideei buruzko dokumentazioa eskatzera animatu nahi ditu astigartarrak. Horretarako, Aranzadiko Antropologia Sailarekin jarri daitezke herritarrak harremanetan 943 46 61 42 telefonoan edo ondorengo helbide elektronikoan: gz@aranzadi.eus.