8 zinegotzi lortuta, gehiengo osoarekin, EH Bildu izango da udal gobernuan datozen lau urteetan, 2023tik 2027ra bitartean. Xabier Urdangarin Lasa izango dda bigarrenenez Astigarragako alkatea. 1703 herritarren babesa jasota izango da hori, erroldaren % 51,68arena.
EAJ-PNVk 4 zinegotzi lortu ditu, 2019an baino zinegotzi bat gutxiago. Maria Otaegiren zerrendak 986 boto izan ditu, %29,92.
Astigarragako PSE-EEk zinegotzi bakarra lortu du oraingoan ere. Patxi Suarezen zerrendak, 274 herritarren babesa jaso du, erroldaren %8,31arena.
Horrez gain, 2023ko hauteskundeetan lehenengo aldiz aurkeztu du hautagaitza Elkarrekin Podemosek Astigarragan, Julen Bengoetxea zerrendaburu izanik. Hala ere, gutxigatik izan bada ere (24 botoren faltan), ez du babes nahikoa eduki eta horregatik, Elkarrekin Podemos ez da sartu Astigarragako Udalean.
Astigarragako Udala osatuko dute, beraz, honako 13 zinegotziek EH Bilduko zortzik, EAJ-ko lauk eta PSE-EEko batek.
EH Bildu
Xabier Urdangarin Lasa
Emaitzak eskuartean dituztela, «harrituta eta oso-oso pozik» agertu da Xabier Urdangarin Lasa: «emaitza ikusgarria izan da, azkeneko 10 hauteskundetan ez dakit inoiz lortu den horrelako gehiengoarekin irabaztea». Aurreko legegintzaldian zazpi zinegotzi izan ziren, eta orain, aldiz, zinegotzi bat gehiago du EH Bilduk. «Zinegotzi bat gehiago daukagu, eta emaitzak ikustean, denok elkarrekin geundela, zortzigarren zinegotziak ez zuen sinistu ere egiten».
Urdangarinek herritarren babesa ere goraipatu du: «kanpaina ez zaigu iruditu oso garbia izan denik gauza askotan, baina hala ere, pozik gaude, iruditzen zaigulako herritarrek babestu dutela lau urte hauetan egindako lana eta eskainitako programa. Beraz, oso pozik gaude».
Amaitzeko, Astigarragako alkateak hemendik aurrerako eginbeharren eta aurrerapausoen berri eman du: «martxan dauden proiektuekin jarraituko dugu, eta herri programan eskaini ditugun proiektuekin hasiko gara buru-belarri. Guk jarri ditugu herri programan proiektuak, benetan egiteko. Orain taldea eta batzordeak antolatu behar ditugu, baina uste dut ez dugula eten haundirik izango. Orain lanean jarraitu behar dugu».
EAJ-PNV
Maria Otaegi Velez
Alderdi jeltzaleko zerrendaburuak nabarmendu du ez dituztela helburuak lortu: «EAJk Astigarragan zeukan erronka 5 zinegotzi mantentzea zen eta ez dugu lortu. Eta noski, abstentzioa ez da EAJren lagun». Hala ere, Otaegik dio lanean jarraituko dutela: «aurrera jarraituko dugu eta lanean tinko, Astigarraga eta astigartarren alde, beti bezala. Azkenik, eskerrak eman behar dizkiegu gugan konfidantza jarri duten herritar guztiei».
PSE-EE
Patxi Suárez Perez
Astigarragako PSE-EEko zerrendaburua den Patxi Suárez pozik agertu da igandean lortutako emaitzarekin: «Udalean dugun ordezkaritzari eutsi diogu, 2019ko datuekin konparatuta botoen igoera txiki batekin.. Nahiz eta EH Bilduk gehiengo osoa izan, herritarrek eman dizkiguten 274 botoak erabiliko ditugu EH-Bilduko kudeaketaren kontrol zorrotza egiteko, beti ere herritar guztiak entzuten.
Partehartzeak, %6,66 behera
Partehartzean ere aldaketak izan dira Astigarragan, 2019ko udal hauteskundeekin alderatuta; %6,66 egin du behera partehartzeak; %59,08ak eman du botoa (2019an, %65,74ak), hau da, denera 3345 herritarrek. Horietatik, 3295 izan dira baliodunak; 56 zuriak ( 1,69), eta 50 balio gabeak (% 1,49). Erroldaren % 40,92 abstenitu egin da, hau da, 2317 herritar.