Landutako gai guztiak onartu ziren, legegintzaldiko azken plenoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 18a, 00:00

Aho batez onartu zituzten osoko bilkurako ia gai guztiak.

Udalaren antolaketa egitura berriaren proposamena, lanpostuen balorazioen inguruan, aho batez onartu zen.

Asteartean 2019-2023 legegintzaldiko azken plenoa egin zuten Astigarragan, eta 2023ko martxoko 28ko eta apirilak 27ko aktak onartzearekin eman zioten hasiera. Jarraian, 2023ko Zerga Fiskalen aldaketa onartu ostean, hiru kreditu aldaketa onartu zituzten, aho batez. 

Jarraian, Udal ondasunen ikerketa espedientea aztertu zuten, inbentarioko 4. herri-bidetik (Arraztin eta Buztieta) eta 12. herri-bidera doan bideari dagokionez: «Astigarragako Udala, Arraztinetik Matrakan bideari buruzko ikerketa burutzen hasi zen duela denbora bat, eta ikerketa hori egin ostean, espedienteak erakutsi du eta ondorioztatu du aipatutako bide horri herri bidea dela. Eta ondorioz, ondorengoa ekarri dugu plenora: 4. herri-bidetik Arrazkin eta Buztieta berri baserrien erditik, Matrakanera doan bidea, herri bidetzat hartzea. Eta, aipatutako herri bideen inbentarioa aldatzea; eta azkenik ebazpena jakinaraztea». Urdangarinek xehetasunak eman ostean, aho batez onartu zuten.

Jarraian, Udal inbentarioko bi gai landu zituzten; alde batetik udal inbentarioko lan bide eta lur-zatien epigrafearen aldaketa puntuala; eta bestetik, udal inbentarioko hiri lur-zatien epigrafearen aldaketa zehatza. Biak ere, aho batez onartu ziren.

Lanpostuen balorazioari buruz ere jardun zuen Urdangarinek: «azpimarratu nahiko nuke, Udalak lanbide negoziazio mahaiarekin adostutako proposamena dela eta langileen batzarrean gehiengoen onarpena jaso zuena. Azken balorazioa duela urte asko egin zen eta beharrezkoa ikusi genuen lanpostuen balorazioa egitea. Ez zen balorazioa bakarrik izan, Udalaren antolamendua berri baten beharra ere ikusi genuen» Xehetasunak eman ostean, proposamenak onartutzat eman ziren, aho batez. Eta horrez gain, lan hitzarmenean hobekuntzak egiteko proposamena ere aho batez onartu zen. Era berean, Udaleko zerbitzu kontratuen luzapenak onartu zituzten (Santiagomendi natur eskola aterpea, kale garbiketa eta lorezaintza). 

Eta amaitzeko, datorren legegintzaldian jarraituko ez duten zinegotziek hartu zuten hitza, Udalak lau urteotan egindako lana azpimarratuz eta eskerrak emanez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!