San Isidro eguna izango da astelehenean, eta hori ospatzeko, ohi bezala, makina bat jarduera izango dira Astigarragan eta Hernanin. Horien artean zeuden, gaur bertan, Astigarragako Lagatxaga, Oiarbide eta Ioltza baserriak ezagutzeko antolatutako bisita gidatuak, Goldea elkartearen eskutik. Baina datorren larunbatera atzeratu egin dituzte, eguraldiagatik eta lurraren egoeragatik. Astean zehar zabalduko dute izenematea.
Hori horrela, bihar izango dute segida ekintzek Astigarragan, Ilarraren Egunarekin. Foru Plaza izango du erdigune, eta 10:30etatik aurrera, Ilarraren Azokaz eta ganadu erakusketaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. 12:00etan, gainera, giza proba saioa egingo du Emarrik.
San Isidro eguna etzi, Hernanin eta Astigarragan
Astelehenerako ere prestatu dute egitarau zabala, Astigarragan eta Hernanin. Foru Plazan izango dituzte ekintza gehienak astigartarrek, berriro ere. 09:30etatik aurrera, Elustondo anai-arrebak ariko dira herria trikitixa doinuez alaitzen, eta prozesioa eta meza izango dira 10:00etan. Larrabide baserriko produktuen erakusketa izango da Foru Plazan, eta Gure Izarra elkartean egingo dute hamaiketakoa, eta 12:00etan hasiko dira Kantabriako idi eta behi demak: 3.298 kiloko harriarekin ariko dira idi pareak, eta 1.640 kiloko harriarekin behi pareak, 30 minutuko txandetan. Tartean, bertsotan ariko dira Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña. Eta bukatzeko, herri bazkaria egingo dute, eta Larrabide baserria omenduko dute.
Mezarekin emango diote hasiera San Isidro egunari, Hernanin ere, 11:00etan parrokian; eta esku pelota partidua izango da ondoren, Tilosetan. Eguerdiko 12:30etan, berriz, omenaldia egingo diete Gonagorri baserriko Mari Karmen Bergaretxeri eta Eusebio Muniain Zubillagari, bertsolarien laguntzaz. Pala partidua izango da ondoren, eta herri kirolen erakustaldiarekin borobilduko dute eguna.