«Osasungintza, hezkuntza eta garraio publikoa indartzea da lehentasuna»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00
Julen Bengoetxea Urretabizkaia, Elkarrekin Podemosen Astigarragako hautagaia.

Lehenengo aldiz aurkeztuko du hautagaitza Elkarrekin Podemosek Astigarragan. Julen Bengoetxea Urretabizkaia da zerrendaburua, eta gogotsu dago: «Proposamena ongi hartu nuen hasieratik. nire helburu nagusietako bat Astigarragako zerbitzu publikoak hobetzea izango da».

Aurrenekoz aurkeztuko da Elkarrekin Podemos Astigarragan, eta zu izango zara lehenengo alkategaia. Nola hartu duzu erronka?

Hasieratik ongi hartu nuen, nire helburua da Astigarragako zerbitzu publikoak hobetzea delako: Osakidetza, garraio publikoa (15 minutuko udalerri-filosofiaren aldeko apustua egiten dugu), Bigarren Hezkuntzako eraikina ahalik eta azkarren eraikitzea, Lehen Hezkuntzako ikastetxean egin beharreko hobekuntzak gauzatzea, Jaurlaritzarekin batera Udalaguntza programaren bitartez Lehen Hezkuntzako eraikinak handitzea...

Hori guztia beste zeregin batzuk ahaztu gabe; hala nola, kontzilizazioa, energiaren komunitateak sortzea, osasun mentalaren egoera aztertu eta behar duen oro artatzea, emakumearen egoera aztertu eta emakumeen etxea suspertzea, euskera, gazteria, lana, etorkinak, eta abar.

 

Herrian alderdi berria izanik, zer nolako emaitzak espero dituzue? Zer nolako ordezkaritza lortu nahiko
zenukete Udalean?

Gure helburua, lehen esan dudan bezala, Astigarragako egoera sozioekonomikoa eraldatzea da. Horixe da gure konpromisoa, eta ordezkari bat edo bi ateratzea da helburua.

 

2015-2019 legealdian, EAJ-PNV gobernatu zuen PSE-EEren babesarekin, eta azkeneko lau urteotan gehiengo absolutua izan du EH Bilduk. Nola ikusi duzue Astigarragako Udalaren jarduna?

EH Bilduren jarduna zenbait alorretan baikor ikusi dut, beste alorretan aldiz, nahiko ezkorra naiz; hezkuntzan, adibidez. Eskola Publikoarekiko jarrera salagarria da. Itunpeko ikastolak defendatzen dituen ezkerreko koalizio bat izateak, ez dauka ez hanka ez buru. Sare hori publikatzeko aukera badute, baina ez dute nahi.

Egun hauetan lLgebiltzarrean onartu den lege berri honekin, EH Bilduk, eta EAJk itunpeko esparruko ikastetxeak banatu dituzte. EAJk kontrolpean dauka Kristau Eskola, bere senadore-ohia den Maria Eugenia Iparragirre lehendakariaren bitartez; eta EH Bilduk Ikastolen Federazioa kontrolatzen du.

Hor dago Hernaniko kasua: Hernanin orain dela zenbait urte bertako ikastoletako irakasleek eta gurasoek lan itzela egin zuten publifikatzeko, baita lortu ere. 2021-22 ikasturtean, berriz, Hernanin zegoen Kristau Eskolako ikastetxea Ikastolen Federaziokoek hartu zuten bere gain, itunpeko ikastola izateko, eta ikastola publikoekin lehiatzeko.

 

Alderdi ezberdinekin akordioak egiteko prest zaudete, egoeraren arabera? Zeinekin?

Noski. Gu prest gaude ezker aldeko alderdiekin mahai batean esertzeko.

 

Zeintzuk izango dira Elkarrekin Podemosen programaren ildo nagusiak?

Esparru Publikoko sektoreei dagokienez, osasungintza, hezkuntza eta garraio publikoa indartu nahi ditugu. Beste batzuk ere badaude; tartean animalien egoera, kontzilizazioa, bertako merkatal saltoki txikiak bultzatzea, udal eta eskualde mailan elikagaien ekoizpena eta kontsumoa koordinatzea eta suspertzea, Emakumeon Etxea bultzatzea eta ahalduntze feminista sustatu, besteak beste. Adineko pertsonen nahi gabeko bakardadean laguntzeko programa bat abian jarriko dugu. Giza pisuen kopurua handitzea, eta abar.

 

Zein gaietan jarriko duzue indarra bereziki? Zeintzuk izango dira zuen lehentasunak?

Sektore publikoak, nagusiki: Osasungintza, Hezkuntza, Garraio Publikoa, eta lehen aipatutako gaiak.

 

Zein behar eta zein erronka dauzka Astigarragak, datozen urteotarako?

Osasungintzan pediatra gehiago behar ditugu, ez Mari Jose bakarrik. Eta lehen arretako mediku gehiago, ez bi bakarrik. Egoera hau EAJren erantzukizuna da, baina guk aurre egingo diogu.

Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzako eraikina behingoz eraikitzea da lehentasuna, eta Lehen Hezkuntzako gurasoengandik gertu egon nahi dugu, beraien proposamenak jasotzeko eta aztertzeko. Noski, Lehen Hezkuntzako eraikina ere handitu egin behar da.

Azkenik, garraio publikoaren alorrean, maiztasunak areagotzea eta sarea haunditzea da gure asmoa; garraio sara unibertsitatera eta ospitalera iristeko, besteak beste.

 

Herria asko haunditu da azkeneko urteotan, eta horrek behar berriak sortu ditu. Zeintzuk daude asetzeko oraindik?

Bai, hala da. Adin piramidea aztertzen baldin badugu jaiotze tasa, azken urteotan, handia izan da, eta horrek zenbait zerbitzutan eragin du: osasungintzan, pediatra gehiago, mediku gehiago, hezkuntzako zerbitzu berriak, garraio publikoa, kontzilizazioa eta abar.

 

Hezkuntza izan da gai nagusietako bat, azkeneko urteotan: DBH, Herri Eskola, Haurreskola... Zer dago egiteko?

Jaurlaritzak nahiko baztertuta utzi du Astigarraga; orain dela 12 urte gurasoak lanean hasi ziren institutu bat lortzeko; goraindik zerbitzu hori gabe gaude. Gurasoek ikastetxea handitzea eskatzen dutenean Udaleko ordezkariek lehenetsi behar dute eskakizun hori, eta Udalaguntza programaren bitartez beharrezko haunditze obra hori egin behar da. Gainera, Haur Hezkuntza doakoa izatea nahi dugu.

 

Osasun zentroa ere txiki geratu da. Zer egin daiteke?

Bai, lehen esan dudan modura, Astigarraga azken urteotan asko handitu da, baina Eusko Jaurlaritza ez da oraindik jabetu, edo ez du Osakidetzako zerbitzu hori haunditu nahi. Gaur egun anbulategiko profesionalak oso gutxi dira; pediatrian, lehen arretan eta erizaintzan bikoiztu egin behar da langile kopurua.

 

Garraio publikoarekin izan dira gorabeherak azkeneko urteotan, eta autobus zerbitzua hobetzea eskatu dute herritar askok. Zein aukera ikusten dituzue? 

Garraio publikoaren eskumena Aldundiarena da, eta sail hori Alderdi Sozialistaren esku dago. Alderdi Sozialistak ere garraio publikoan zeregin haundia du, baina ez du ezer egiten: dena murriztu, besterik ez.

 

Lehenengo aldiz aurkeztuko du zerrenda Elkarrekin Podemosek Astigarragan.

Eztabaidagai izan da hondakinen kudeaketa, azkeneko legealdietan. Zein da Elkarrekin Podemosen ikuspegia, gai horretan? 

Ekonomia zirkularrerako hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen kudeaketa programak ezartzen du zeintzuk diren hastapenik handienak eta proposamenik garrantzitsuenak. Dena dela, udalerrian ekonomia zirkularraren aldeko itun bat sustatzea beharrezkoa da, gizarte eta ekonomia eragileen parte hartzearekin. Guk, printzipioz, legerdak zehazten dituen proposamenak aurrera eramango ditugu.

UEMAn sartu berri da Astigarraga. Euskeraren bueltan, zein izango da Elkarrekin Podemosen politika?

Administrazioan eta udalerrian euskera sustatzeko udal-estrategia bat abian jartzea: euskeraren erabilera normalizatzeko eta sustatzeko ordenantza bat ere, hizkuntza-paisaia, euskeraren erabilera normalizatua sustatzeko tresnak arautuko dituena, eragile guztiekin egina. Euskeraren ezagutza normalizatzeko eta sustatzeko tresna gisa, udal euskaltegi bat sortzea proposatzen dugu, euskera ikasi nahi duenarentzat doakotasuna bermatzeko.

SAILEZ SAIL, MOTZEAN

Hirigintza, etxebizitza eta ingurugiroa: 

Alokairu sozialeko etxebizitzen parke publiko bat sortzea. Hutsik dauden etxebizitzei Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren gehienezko errekargua sartzea.

 

Gizarte Zerbitzuak:

Migratzaileei eta errefuxiatuei harrera egiteko eredu berri bat bultzatzea. Bilatzen ez den bakardadea jasaten duten adinekoentzako laguntza programa.

 

Obrak eta zerbitzuak:

Lehen Hezkuntzako Eskola handitzea.
Kiroldegia handitzea: igerilekua estaltzea.

 

Ogasuna: 

Zerbitzu jakin batzuk udalekotzea aztertzea: ura, zaborrak, TAO eta abar.

 

Kultura:

Gure kultur ondasuna zabaldu, zinema, antzerkia eta kultur alorreko tailerrak sustatzea eta bulltzatzea.

 

Euskera eta hezkuntza: 

Eskola Publikoa defendatzea eta bultzatzea. Institutua eraikitzea, guraso, irakasle eta udal ordezkariak kontaktuan egon. Administrazioan eta udalerrian euskera sustatzeko udal-estrategia bat abian jartzea. Euskera herri mailan zabaltzea. Hiztunen alfabetizazio programa abian jartzea. Bertan bizi den herritarrarentzat euskera erakargarriago egin eta euskaltegian matrikulatzea. Haur Hezkuntzan plazak bermatzea, kalitatezkoak eta doakoak.

 

Kirola eta gazteria: 

Kiroldegian ikastaro bereziak herritar guztientzat. Abono eskuragarri jarri eta, zenbait kasutan doakoa izatea. Igerilekuan baliatu ikastaroak izateko, eta eskolako ikasleentzat aukera hori ere eman. Gazteak modu autonomoan antolatu daitezen sustatzea, gazte zentro autokudeatuak lagunduz.

Gazteen emantzipazio plana ezartzea eta gazteei zuzendutako etxebizitza, eta enplegu politika publikoak bultzatzea.

 

Enplegua, merkataritza eta turismoa:

Bermatutako enpleguaren tokiko plan bat egitea, jarduera sozial eta ekologikoki erabilgarrietara bideratua. Udalerrian ekonomia zirkularraren aldeko itun bat sustatzea, gizarte eta ekonomia eragileen parte hartzearekin. Tokiko merkataritza babesteko neurriak sortzea; haien artean, azalera handien, merkataritza-gune eta –kateen gaineko zerga (enpresa txikiak sortu). Masa-turismoari lotutako jarduerak arautzea.

 

Berdintasuna, partaidetza eta elkarbizitza: 

Bermatutako enpleguaren tokiko plan bat egitea, jarduera sozial eta ekologiko erabilgarrietara bideratua. Garraio publikoan deskontuak sustatzen jarraitzea.Udalerrian ekonomia zirkularraren aldeko itun bat sustatzea, gizarte eta ekonomia eragileen parte-hartzearekin.

ELKARREKIN PODEMOS-ASTIGARRAGAKO ZERRENDA

 

1. Julen Maren Bengoetxea Urretabizkaia 
2. Raquel Rodríguez López 
3. Alberto Cruz Alba Irazusta 
4. Maria Elena Arrieta Arrieta 
5. Julian Presa Ituarte 
6. Maria Mar Santana Moreda 
7. Jon Mikel Del Val Rodriguez 
8. Claudia Presa Santana 
9. Alvaro Perez Simon 
10. Naiara Ramajo González 
11. Juan Carlos Serrano Maiza 
12. Yolanda Erdocio Úbeda 
13. Maria Begoña Torres Velasco 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!