«Gure lehentasuna izango da gizarte zerbitzu onenak ezartzea»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00

Patxi Suarez da Astigarragako PSE-EEko alkategaia. Astigarragako bizilaguna da Suárez, eta legealdi honetan Usurbileko zinegotzia izan da: «Ikasketaz betetako lau urte hauek esperientzia eman didate, beraz, ilusioz eta gogoz aurkezten naiz. Orain egokitzen zait nire jarduera politikoa nire herrian burutzea».

Astigarragako alkategai izango zara, Usurbilen zinegotzi aritu ondoren. Zer dela eta? Nola hartu duzu erronka?

Alderdi Sozialistak nire herrian, Astigarragan, zerrendaburu izateko aukera eskaini zidan, eta poz handia sentitu nuen, benetan. Legealdi honetan, Usurbilen zinegotzia izan naiz, politika aktiboan nire lehenengo lur-hartzea izan zen, eta ikasketaren lau urte hauek udalerri honek aurrera egin zezan proposamenak egiteko aukera eman didate. Udal esperientzia handi horrekin, hauteskundeetara ilusioz eta gogoz aurkezten naiz. 

Orain egokitzen zait nire jarduera politikoa nire herrian burutzea, beraz, bizilagunekin harremana are eta handiagoa izango da, eta erronka nagusia bizilagunon bizitza hobetzea, betiere aniztasuna ardatz nagusia izanez. Parte hartzen dugun gobernuetan jada egiten dugu, eta orain Astigarragan ere gizarte politika berdina egin nahiko genuke.

 

Ordezkari bat izan duzue Udalean, aurreko legealdietan. Zer nolako emaitzak espero dituzue oraingoan?

Gobernagarritasunean erabakitzaileak izatea espero dugu. Gizarte hau plurala da eta guk herritar aurrerakoi horiek ordezkatu nahi ditugu. Gu ez gara geldituko ekarpen gutxi egiten duen nortasun-eztabaidan. EAJk eta EH Bilduk eztabaida identitarioekin arreta galtzen dute mundu nazionalistan hegemonia eztabaidatzeko, eta indarrak pertsonei interesatzen ez zaizkien eta haien beharrak konpontzen ez dituzten eztabaidetan zentratzen dituzte. Astigartarren lehentasunak beste batzuk dira: oparotasuna, ongizatea eta inor atzean gera ez dadila bermatzea. Gainera, une oso garrantzitsu baten aurrean gaude, oso aldaketa sakonen garaian bizi gara, aukerak direnak, baina horrek ere arriskuak suposatzen ditu:  kontsumitzen dugun energiaren aldaketan, mugikortasunean, industrian, lan egiteko moduan, Gipuzkoan gizarte justuagoa, berdintasunezkoagoa eta jasangarriagoa lortzeko, edo klima-aldaketari aurre egiteko. Beraz, ahaleginak batu nahi ditugu guztiok batera aurrera egiteko, etorkizun hobea izateko, eta Astigarragan bizi garen herritar guztiontzat bizitza duina eraikitzeko.

 

EH Bilduren eta EAJren dinamika bipartidista antzua gainditzeko, sozialismoaren beharra aldarrikatu duzue...

PSE-EEk Astigarragako herritarren zati esanguratsu bat ordezkatzen du. Beti fidagarritasunez eta zintzotasunez lan egin dugu sozialistok udal ordezkaritza izan dugun lekuetan, eta Astigarragako Udalean politika aurrerakoiekin hala egin nahi dugu. Pertsonen zerbitzura gaude, batez ere, pertsona ahulenen eta jende xumearen zerbitzura, eta udalean haien ahotsa izan nahi dugu.

 

2015-2019 legealdian, EAJ-PNVri babesa eman zenioten, gobernatu zezan. Antzeko egoera batean, zuen babesa izango luke oraingoan, berriro ere?

Hauteskundeen emaitzak jakin arte itxaron behar dugu, baina gehien inporta zaiguna ez da norekin, baizik eta zertarako gure babesa emango genukeen. Izan ere, ez genioke babesik emango pluraltasuna eta aniztasuna, edo kolektibo ahulenen gizarte politika egokia bermatzen ez duen alderdi politikoari.

 

EH Bilduk gobernatu du azkeneko lau urteotan, gehiengo absolutuz. Legegintzaldi honen zein balorazio egiten du PSE-EEk?

Astigarragan lau urte hauetan oposizio eraikitzaile eta arduratsutik aritu gara. Oso legegintzaldi zaila izan da, Covid pandemiagatik, baita Ukrainako gerraren ondorioengatik ere. Baina ulertu genuen lehenengo gauza Astigarragako herritarrak zirela, eta gure laguntza eman genuen beharrezkoa zen guztian laguntzeko. 

 

Zeintzuk izango dira PSE-EEren programaren ildo nagusiak?

Sozialistak Astigarragan aurkezten gara proiektu serio batekin, inoren kontra ez dagoena, baizik eta herritarren bizitzaren alde, eta beren beharrei erantzuteko. Gure programak herrian lan egiten duten eta herrian bizi diren pertsonak, beren ongizatea, gure gazteen etorkizuna, sustapen ekonomikoa eta enplegua ditu ardatz. Sozialistok Astigarragari ilusioa itzuli nahi diogu, ongizatea ekarri eta etorkizun hobea ere irabazi egin nahi dugu.

Lan ildo nagusiak honako hauek dira: trantsizio ekologikoa eta zuzena, sustapen ekonomikoa eta enplegua, garraio jasangarria, segurtasun handiagoa, eta lehenago esan bezala gizarte zerbitzuak eta zerbitzu publikoak, batez ere osasun zentroa eta hezkuntza, hirigintza ahaztu gabe, aldaketa-palanka baita.

 
Zein gaietan jarriko duz
ue indarra bereziki? Zein izango dira zuen lehentasunak?

Gure programa enpleguan zentratuta dago, produkzio-sarea eguneratzeko eta garai berrietara egokitzeko tokiko neurri publikoak martxan jartzearekin, eta tokiko enpresa-sorkuntza babestean oinarrituta dago. Udal gizarte-zerbitzuetarako programa zehatza daukagu, herriko mantentze-lanak egiteari, azpiegiturari, mugikortasunari, etxebizitzari, kulturari, herritarren parte-hartzeari dagozkien proposamen eta ekintzak, Udal gardenaren beharra azpimarratuz.

Gure lehentasuna gizarte zerbitzu onenak ezartzea izango da, Astigarragaren hazkundeak herritarren berdintasun-aukerarekin batera joan behar duela pentsatzen baitugu, edo beste modu batera esanda, proposatzen dugu udal-antolaketa inor atzean utzi gabe burutzea, betiere ingurune eta genero ikuspegiarekin.

 

Zein behar eta zein erronka dauzka Astigarragak, datozen urteotarako?

Astigarraga azkeneko urteotan izugarri hazi da, biztanleria 90eko hamarkadatik bikoiztu da, baina herriak eskainitako zerbitzuak ez doaz biztanleriaren hazkundearekin batera, ez publikoak, ezta merkataritzari dagokienak ere. Ondorioz, herritarrok ezin ditugu gure behar guztiak asebete; horregatik, herritarrei Astigarraga erdian jarriko dugula diogu, eta horretarako botoa eskatzen diegu.

 

Biztanleriaren hazkundeak behar berriak sortu ditu herrian. Zeintzuk daude asetzeko oraindik?

Astigarraga 1987an Donostiatik banandu zen, eta gaur egun arte udalerri independentea izan da. Sozialistek, Astigarragako Udalean, herritarren beharrei irtenbidea emateko proposamenak aurkeztu dizkiegu udal gobernuei. Udal-errolda hazten ari da gure udalerrian bizitza hastea erabakitzen duten pertsonekin, eta pertsona horiei ere zerbitzu egokiak emateko betebeharra badugu. Egun gure bizilagunen beharrei erantzun ezin dizkien zerbitzuak dauzkagu. Beraz, lehenengo helburuetako bat da Astigarragak izango duen hazkundea planifikatzea, aurreikusitako hirigintza-garapen guztiekin, eta planteatzea zeintzuk izan beharko duten biztanleriaren eskaera guztiei erantzuteko beharrezko zerbitzuak: kirol-mailan, kultur-mailan, osasun-mailan edo hezkuntza-mailan, besteak beste.

 

Hezkuntza izan da gai nagusietako bat, azkeneko urteotan: DBH, Herri Eskola, Haurreskola... Zer dago egiteko?

Hurrengo udal-gobernuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako arduradunekin eseri behar da, eta hezkuntza mailan etorkizunerako estrategia bat garatu, gaur egun Astigarragan bizi diren haurren kopurua kontuan hartuz, baina hemendik 10 edo 15 urtera egon litekeen aurreikuspenarekin ere bai. Astigarragak irtenbideak merezi baititu eta ez adabaki puntualak.

 
Osasun zentroa ere txiki geratu da. Zer egin daiteke?

Udal Gobernuak konpromisoa hartu behar du udal partzela bat edo udal lokalak Eusko Jaurlaritzari lagatzeko Astigarragako anbulatorio berria eraikitzeko, baina ez egungo eskaerei erantzuteko, baizik eta etorkizuneko aurreikuspen batekin, urte gutxi barru berriro zaharkituta gera ez dadin.

 

Garraio publikoarekin izan dira gorabeherak azkeneko urteotan, eta autobus zerbitzua hobetzea eskatu dute herritar askok. Zein aukera ikusten dituzue?

Lizitazio berria abian jarri ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak batera azterketa egin behar dute herritarren eskaerak gaur egun ematen den zerbitzuarekin beteta dauden ikusteko. Egia da hasiera guztiak zailak direla, eta lineetan gertatu diren aldaketekin gure bizilagunek moldatu behar izan dute.

 

Eztabaida gai izan da hondakinen kudeaketa, azkeneko legealdietan. Zein bide jarraitu nahi duzue datozen lau urteotan?

Astigarragako sozialistok 5. Edukiontziaren alde apustua egiten dugu hondakinen biltzeko metodo bezala, eta Astigarragan atez ateko sistema inposatzen duen edozein gobernuren kontra egongo gara. Horrek ez du esan nahi gure bizilagunen artean kontzientziazioa landu behar ez dugunik birziklatze frakzio ezberdinak areagotzeko neurri desberdinekin, hala nola, ordenantza fiskalen bidez.

UEMAn sartu berri da Astigarraga. Euskararen bueltan, zein izango da PSE-EEren politika? 

PSE-EEtik ez dugu beharrezkotzat hartzen Astigarragan Euskararen alde apustua egiteko parte-hartze hori. Eskualdean beste eredu batzuk dauzkagu, Lasarte-Oria esaterako, politika linguistikoari dagokion erreferentzia dena UEMAko kide izan gabe. Lasarte-Orian sortu zen Euskaraldia, gero gainerako euskal udalerrietan egin duguna, edo Ahobizi eta Belarriprest, edo Udaltop jardunaldiak, Euskadiko erakundeetako euskara teknikari guztientzat. Sozialistok gobernuetan gaudenean Euskararen alde apustua egiten dugula erakusten den adibidea da. 

SAILEZ SAIL, MOTZEAN


Hirigintza, etxebizitza eta ingurugiroa

- Anuska urbanizazioa osatzea. 

- Ergobia-Okendotegi-Txalaka gunea berroneratzea.

- Udalerriko parkeetan txakurrentzako pixatokiak gehitzea.

- Arrobitxulo parkean espazio estalia sortzea.

- Kutsadura akustikoa murriztea.

- Energia-erkidegoen sorrera sustatzea.

- Donostiako Udalarekin lankidetzan, bizikleta elektrikoak uzteko gunea sortzea.

- Aldiriko trena udalerrira irits dadin bultzatzea.

- Hiri arteko garraio publiko jasangarriaren aldeko apustua egitea, gizarte-kohesioko eta lurralde-egituraketako tresna gisa.

 

Gizarte Zerbitzuak

Osakidetzaren zerbitzuak eta etxez etxeko arreta-zerbitzua handitzea. Zaharren Egoitza handitzea. Digitalizazio-prozesuan, konpainia-zerbitzua abian jartzea.

Gizarte-bazterketaren arloko arreta hobetzea.Osasun-materialaren mailegu-zerbitzua sortzea.

 

Obrak eta zerbitzuak

Landa-bideak konpontzea.

Udalerriko hiri-altzariak eta argiztapena mantentzea eta hobetzea.

 

Ogasuna

Urtero, udal tasak eta zergak onartzeko aurkeztu aurretik, herritarren foro batean azalduko dira. Udal aurrekontuek partaidetza prozesu bat izango dute eta herritarrei azaldu eta jakinaraziko zaizkie.

 

Kultura

Astigarragako kultur elkarteek udal programazioan parte hartuko dute.

Kultur elkarteentzako dirulaguntzak handituko dira eta Udalak programatutako kultur jardueretara joatea sustatuko da.

 

Euskera eta hezkuntza

DBHren ezarpena bultzatzea. Ikastola hobetzea eta handitzea.Tasei eta zergei buruzko udal-informazioa emango da, baita aurrekontuei buruzkoa ere, herritarrek udalarekiko harremanetan aukeratzen duten hizkuntzan. Lehentasuna emango zaie haur eta gazteei zuzendutako euskarazko jarduerei. Udal dirulaguntzekin lagunduko da euskara ikastea.

 

Kirola eta gazteria

Igerilekuan estalkia jartzea eta kiroldegiaren mantentze-lanak hobetzea. Belaunaldien arteko bizikidetza sustatzea. Haurrak eta gazteak babestea.

 

Enplegua, merkataritza eta turismoa

Herriko merkataritza-jarduerari lagunduko dion azoka estalia sortzea. Tokiko saltokietan erosteko kontzientziazio eta pizgarri-kanpainak egitea.Sagardoetxearen azpiegitura birmoldatzea.

 

Berdintasuna, partaidetza eta elkarbizitza

Berdintasun-politikak bultzatzea, eta gure politika guztietan genero-ikuspegia aplikatzea.Bizikidetza eta Aniztasun Mahaia sortzea. Herritar guztien hizkuntza den euskararen aldeko apustu sendoa egiten jarraituko dugu, Euskaraldian parte hartuz, eta hizkuntza eskubide guztiak babestuz.

 

Segurtasuna

Udal-patruilak gehitzea eta ibilbide seguruak eta argiztatuak sortzea.

Sagardotegiko turismoa eta herritarren atsedena bateragarri egitea, eta, horretarako, udaltzaingoko kideen kopurua handitzea, batez ere txotx-denboraldian.

PSE-EE-ASTIGARRAGAKO ZERRENDA


1.Francisco Jose (Patxi) Suarez Perez.
2. Xuria Astudillo Larraz.
3. Juan Pedro Risco Romero.
4. Maria Esther Garro Rodriguez.
5. Daniel Amezcua Queiruga.
6. Isabel Garcia Martin.
7. Juan Carlos Hernandez Rosende.
8. Silvia Gonzalez Castiñeira.
9. Vicente Ramirez Echeverria.
10. Maria Candida Dominguez Murga.
11. Eneko Parra Guerriko.
12. Itsaso Andrade Amesti.
13. Miguel Barjacoba Ubegun.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!