Aurrenekoz izango zara alkategai Astigarragan, 12 urtez Hernanin zinegotzi izan ondoren. Nola hartu duzu erronka?
Ilusio handiz eta indartsu hartu dut erronka. Astigarragako EAJko taldeak nigan jarri du konfidantza eta niretzat ohorea da udal kudeaketan daukadan esperientzia nire familiaren herriaren mesedetan jartzea.
Zer nolako taldea osatu du EAJk, udal hauteskunde hauetarako?
Talde gaztea gara, gaztea eta anitza, Astigarraga bezala. Gutako zenbaitek udal jardunean eskarmentua daukagu eta beste batzuk berriak dira. Talde bat gara eta gure helburua da herritarrak entzutea eta herriko beharrei erantzuna ematea. Azken finean, guztiok nahi dugun Astigarraga, herri bizigarria, denon artean egitea.
Zer nolako emaitzak espero dituzue?
Datuak onak dira. Astigartarrek ezagutzen gaituzte: Bertakoak gara, fidatzekoak gara, maite dugu gure herria. Erakutsi dugu nor garen. Legealdi honetan egindakoa EAJk martxan jarritakoa da.
EH Bilduk gobernatu du azkeneko lau urteotan, gehiengo absolutuz. Legegintzaldi honi dagokionez, zein balorazio egiten du EAJk?
Gehiago espero genuen. Gure gobernuak udala zorrik gabe utzi eta altxortegia bete zuen. Gainera, hainbat azpiegitura martxan utzi genituen: emakumeon plaza, Arrobitxuloko igogailua, Ibai parkea, Erribera Kulturgunea, DBHrako kokapen hobearen lanketa, Herri Eskolaren handipena eta jangela berria... Zer egin du EH Bilduk? Donostia Ibilbidearen lehen fasea, eta hori ere korrika eta presaka egin dute. Non da Anbulategi berria? Non da herri eskolaren handipena? Non da DBH?
2015etik 2019ra, EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko akordioari esker izan zineten udal gobernuan. Berriro egingo zenukete akordioa?
Emaitzak ikusitakoan hartu beharreko erabakia izango da.
Zein izango dira EAJren programaren ildo nagusiak?
Gure programaren 10 puntuetan laburbilduta daukagu, udal gobernura iritsitakoan gauzatu nahi dugun plan estrategikoaren muina.
Zein gaietan jarriko duzue indarra bereziki? Zeintzuk izango dira zuen lehentasunak?
Osasuna, hezkuntza, garraioa eta familien beharrak.
Astigarragaren eta astigartarren beharrei erantzuteko programa osatu nahi izan duzu. Zein behar eta zein erronka dauzka
Astigarragak, datozen urteotarako?
Aurreko puntuan aipatutakoak dira gure lehentasunak eta astigartarren beharrei erantzuteko programan txertatu ditugu. Gobernura iristean erronkei erantzungo dien Plan Estrategikoa egingo dugu: Astigarragak etorkizuna, nortasuna, zerbitzuak izan ditzan, hau da, bizigarria den herria izan dezagun.
Biztanleriaren hazkundeak behar berriak sortu ditu herrian. Zein daude asetzeko oraindik?
Biztanlearen hazkundeak etorkizuna eta aukerak ekarri dizkio herriari: Astigarragako gazteak herrian bizi ahal dira, herria haurrez loratuta daukagu... anbulategia berritu ahal izango da, DBHa egingo da, bus zerbitzu hobea izango du herriak, tren geltokia edukitzea lortuko da.
Hezkuntza izan da gai nagusietako bat, azkeneko urteotan: DBH, Herri Eskola, Haurreskola... Zer dago egiteko?
Asko esan zuten, eta ez da bete: Non dago EH Bilduren DBHa? Eta Herri Eskolaren handipena?
Osasun zentroa ere txiki geratu da. Zer egin daiteke?
Eskaini al zaio jaurlaritzari leku aproposa horretarako? EH Bildu ez da garbi jokatzen ari gai honekin. 2022ko maiatzean Osoko Bilkurak Urumea kaleko eraikin baten beheko solairua eskaini zion Osasun Sailari. Aste honetan, inolako azalpenik gabe, jakin dugu EH Bilduk poligonoan jarri nahi duela, kirol kantxetan. Kudeaketa gaitasun falta itzela.
Garraio publikoarekin izan dira gorabeherak azkeneko urteotan, eta autobus zerbitzua hobetzea eskatu dute herritar askok. Zein aukera ikusten dituzue?
EH Bildu udaletxean dagoenetik ez da zerbitzurik hobetu, alderantziz. Herriko geltokiak kendu dira eta gure heldu askori urrun geratzen zaie autobusa. Erdigunean geltokia behar dugu, gure nerabeek eta adinekoek etxetik gertuago behar dute.
Eztabaida gai izan da hondakinen kudeaketa, azkeneko legealdietan. Zein bide jarraitu nahi duzue datozen lau urteotan?
EH Bilduk Garbitaniari eman dio gure industrialdeen hondakinak jasotzeko zerbitzua, euren interes politikoaren mesedetan. Gobernura iristean Garbitaniatik aterako gara.
UEMAn sartu berri da Astigarraga. Zein da euskeraren egoera herrian, eta zein izango da EAJren ildoa erabilerari dagokionean?
EAJ-PNVk euskararekiko duen konpromisoa argia eta irmoa da. Astigarraga herri anitza da eta gure konpromisoa da guztiok euskara ezagutu, hitz egin eta maitatzeko bitartekoak jartzen jarraitzea.
SAILEZ SAIL, MOTZEAN
Hirigintza, etxebizitza eta ingurugiroa: Plan orokorra berritu nahi dugu.
Gizarte Zerbitzuak: Herri aniztasunari erantzuteko beharrezko zerbitzuak sustatu.
Obrak eta zerbitzuak: DBHa eraiki, Herri Eskola handitu. Anbulategia oraingo beharrei moldatu.
Ogasuna: Daukagun gastua zainduko dugu eta inbertsioak handituko ditugu.
Kultura: Sagarraren interpretazio gunea martxan jarri, eta Erribera kulturgunea herritar guztien eskura jarri.
Euskera eta hezkuntza: Euskararen erabilera sustazearen aldeko neurriak ezartzen jarraitu.
Kirola eta gazteria: Gazteek herrian beraien bizitza egiteko aukerak ematen jarraitzea. Kirol zerbitzu gehiago ahalbideratu.
Enplegua, merkataritza eta turismoa: Landaguneko jarduera ekonomikoa bultzatu, aparkalekuak ahalbideratu. Bertakoentzat aparkaleku sistema sustatu.
Berdintasuna, partaidetza eta elkarbizitza: Astigarragan proiektuak ahalbideratuko ditugu, generazio ezberdinetako herritarrek elkarrekin herri bizitzan parte hartu dezaten. |
EAJ-PNV-ASTIGARRAGAKO ZERRENDA1. Maria Otaegi Velez |
Asteartean egin zuten EAJ-PNVko hautagaien eta taldearen aurkezpena, Erribera kulturgunean
Bertan izan ziren Maria Otaegi Astigarragako hautagaia eta Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundirako hautagaia. Otaegik nabarmendu zuen «talde sendoa» osatu dutela Astigarragarako.
Asteartean aurkeztu zuten, Erribera kulturgunean, Astigarragako EAJ-PNVren zerrenda. Bertan izan ziren Maria Otaegi, alkatetzarako hautagaia, eta Eider Mendoza, Gipuzkoako Aldundirako hautagaia; baita alderdiko beste zenbait kide ere.
Otaegi bera izan zen hitz egiten lehenengoa, eta programaren ildo nagusiak ezagutarazi zituen. Taldeari erreferentzia eginez hasi zuen hitzartzea: «Astigarragaren eta astigartar guztien alde gure aletxoa ipini nahi dugun talde sendoa gara. Gogotsu eta ilusio handiz heltzen diogu erronka berri honi, benetan uste dugulako gauzak beste era batera egin daitezkeela Astigarragan».
Bukatzear dagoen legegintzaldiarekin kritiko agertu zen EAJ-PNVren hautagaia: «Udal gobernuak ez du ezer berririk egin. Horren aurrean, EAJ-PNVk herriak behar duen proiektua dauka; aurrerakoia, sustraitua, jasangarria eta solidarioa». Gehitu zuen «legealdi honetan eginda egon beharko luketen» proiektuei «bultzada» emango diela: «DBHarekin hori egingo dugu, adibidez».
Garatu beharreko proiektuei buruz hitz egitean, lankidetza aipatu zuen Otaegik: «Lankidetza haundiagoa eta jarrera irekia behar ditu udalak, etorkizuneko erronka konplexuei aurre egiteko. Ez bakarrik herritarrekin, baita beste eragile eta erakunde batzuekin ere». Proiektu horiez gain, beste zenbait lan ildo azpimarratu zituen alkategaiak, «herri euskaldun, ireki eta jasangarri baten alde» egiteko: «Klima aldaketaren aurkako neurriak, merkataritza eta jarduera ekonomikoa sustatzeko bide-orria, ipar parkean aisialdi eta ur kirol aukerak sustatzearen aukera eta herria txukun mantentzearen garrantzia», besteak beste.
Horren aurrean, EAJ-PNVk Astigarragarekin «konpromiso ukaezina» duela adierazi zuen Otaegik: «Astigartarren beharrei erantzuteko lanean dihardu taldeak, gogotsu eta zintzo. Hori da gure eredua Astigarraga denon artean eta denontzat eraikitzeko».
«Gipuzkoa aurrera doala» nabarmendu zuen Mendozak
Eider Mendozak ere hitz egin zuen Astigarragako ekitaldian. Azken 8 urteetan Gipuzkoak «aurrera egin duela» nabarmendu zuen: «Iraganean, Gipuzkoa paralisira eraman zuten arazoak gainditu ditugu, eta orain etorkizunera begira dagoen lurraldea gara». Egungo egoeraren berezitasunak aipatu zituen Mendozak, eta «kezka» horiei irtenbidea topatzeko «bi aukera» daudela azaldu zuen: «Pankarta atzean edo ezetzaren plataformetan gelditu, edota arazoei aurre egin eta konponbideak bilatu. Gu beti egon gara bigarrengoan, baiezkoan eta etorkizunaren eraikuntzan».
EAJ-PNVren «sinesgarritasuna» izan zen Mendozak aipatutako beste ideietako bat: «Gure aurrekoek lan haundia egin dute eta gauden tokiraino ekarri gaituzte. Orain guri dagokigu ardura hori hartzea. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Astigarraga, Buruntzaldea eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko erronkari aurre egitea, eta ilusioz eta indarrez hartzen dugun konpromisoa da».
Hitzartzea amaitzeko, Maria Otaegi eta Astigarragako EAJ-PNVren taldea goraipatu zituen Mendozak: «Astigarragak aurrera egitea merezi du, eta horretarako pertsonarik aproposena Maria Otaegi da. Proiektua eta eredu propioa ditu herriarentzat, eta konfiantza osoa izan dezakezue bera eta bere taldeagan, ez dizuete hutsik egingo».