Alkatetza berresteko aurkeztu zara. Erraza izan da erabakia?
Ez da erraza izan. Gainera osasun aldetik gorabehera batzuk izan ditut eta erabat osatu arte ez dut erabakirik hartu nahi izan. Baina ondo nago, gogoz eta indartsu, eta lau urteotako lanari jarraipena emateko beharra sentitzen dut. Gogoa, talde polita eta, aurrera.
Zer nolako balorazioa egiten duzue, azkeneko lau urteotako agintaldiaz? Herria geldirik zegoela salatu zenuten aurreko legealdian... Atera da herria geldialdi horretatik?
Bistan da baietz. Herriari begiratu besterik ez dago. Proiektu asko atera ditugu aurrera. Batzuk hasi eta bukatu, beste batzuk blokeotik atera eta martxan jarri... Hezkuntzako azpiegiturak dira adibiderik garbiena, udalak egin behar zuena egin dugu (proiektuak idatzi, lurzorua laga eta abar): haurreskola berria hasi eta bukatu, Herri Eskola handitzeko obrak uztailean hasiko dira eta DBHko ikastetxearen proiektua idazteko lehiaketa amaitu berri da. Eta beste adibide asko: Emakumeon plaza eta emakumeon etxea, Santiomendiko hiritartzea eta bihurguneak, Arrobitxuloko igogailua, Ibai Parkea, haurren jolastokiak, argiteria hobetu, kale garbiketa hobetu, Donostia ibilbideko bidegorria, Gizarte Zerbitzuetako programak indartu, Erribera kulturgunea martxan jarri, kultur programazioa indartu eta finkatu, taldeen dirulaguntzak handitu, Euskara Zerbitzua indartu eta UEMAn sartu, Fundazioarekin hitzarmena eta kultur etxe zaharra eta lurrak eskuratu, parrokiarekin hitzarmena apaiz etxeko etxebizitzak larrialdi sozialerako erabiltzeko, alokairu sozialeko 23 etxebizitzen zozketak, babestutako etxebizitzak (tasatuak 18, babes ofizialekoak 15)... Eta udal kudeaketan ere aurrerapauso nabarmenak: lanpostuak bete, kudeaketa hobetu, kudeaketa ekonomiko egokiarekin...
Herritarren konfiantza lortu du EH Bilduren Gobernu Taldeak? Zein emaitza espero dituzue?
Iruditzen zait baietz, konfiantza hori badugula. Herritarrekin aritu gara etengabe. Hainbat partehartze prozesu egin ditugu, gure bulegoetako ateak beti zabalik daude, auzoetara joan gara... Bertakoak eta gertukoak gara eta hori ona da. Uste dut jendeak hori ondo baloratzen duela. Hori ikusita, emaitza onak espero ditugu, baina jakina, alkatetza lortzeko ez da nahikoa irabaztea. Gehiengoa lortu behar dugu eta hori ez da erraza. Maiatzaren 28an etxean geratuz gero, jai dago.
Nolakoa izan da harremana gainerako alderdiekin? Eta nolakoa izatea nahiko zenukete?
Harreman egokia izan da, baina azalekoa. Egia esan, oso proposamen eta ekarpen gutxi egin dituzte, gaiak batere sakondu gabe, bilera askotara ez dira agertu... Udal gobernua lortzen badugu oposizioak jarrera eraikitzailea izatea espero dut eta ekarpen interesgarriak egitea.
Nolako taldea aurkeztu du EH Bilduk? Jarraikortasuna edo berritasuna bilatu duzue?
Alde batetik, zerrendan 16 lagun gaude. Bertakoak, kanpotik etorriak, gazteak, helduak... Astigarragan han eta hemen ibilitakoak eta gabiltzanak, elkarteetan, gizarte arloko ekimenetan. Astigarragarekin konpromiso argia daukan jendea. Konpromisoa euskararekin, feminismoarekin, herriarekin, gizarte justuagoa eraikitzearekin... Zazpi zinegotzi lortzea da helburua. Zazpiko horretan lau aurreko agintaldian gabiltzanak gara eta beste hiru berriak. Talde ona da: esperientzia eta jakintza udal kudeaketan eta administrazioan, euskararen arloan, gazteen arloan… Pozik gaude.
Zein izango dira EH Bilduren programaren ildo nagusiak?
Azken lau urteotan Astigarraga eta udala erabateko geldialditik atera eta funtsezko azpiegitura eta proiektu batzuk bideratuta jarri ditugu. Hezkuntza arloko azpiegiturez ari naiz bereziki. Beste gai batzuen txanda da orain: osasun etxe berria Bidebitarteko kantxen aurreko aldean, kultur etxe zaharra gazteen elkargune gisa eta Urumea Berriko azken blokeko beheko solairua adineko pertsonentzako.
Zein gaietan jarriko duzue indarra bereziki? Zeintzuk izango dira zuen lehentasunak?
Utzidazue datu batzuk ematen, bi erronka nagusi kokatzeko. Gazteak eta adineko pertsonak. Gaur egun Astigarragan 14-25 urte bitarteko 840 nerabe/gazte ditugu, lau urte barru 985 izango dira eta zortzi urte barru 1.138, eta adin tarte honek herrian duen ekipamenduen gabezia agerikoa da. Proposatzen dugu kultur etxe zaharra izatea gazteen elkargune nagusia: kontzertuetarako aretoren bat, tailer eta ikastaroetarako lekuak, gazte elkarteen egoitza, gaztelekua... Adineko pertsonen datua ere harrigarria da: 65 urtetik gorako pertsonak 1000tik gora dira. Proposatzen dugu Urumea Berriko azken eraikineko beheko solairua (800 m2) izatea adineko pertsonen elkargune nagusia eta bertan kokatzea eguneko zentroa, Galtzaurren egoitza, jardueretarako espazioak... Proiektu horiek landuko ditugu gazteekin eta adineko pertsonekin.
Zein erronka dauzka Astigarragak, datozen urteotarako?
Hainbat erronka ditugu, gazteak, adinekoak, anbulatorioa, kiroldegia… Ohartzen bazarete, ekipamendu publikoez ari gara. Izan ere, hor dago gabezia. 2010eko plan orokorrak etxebizitza asko ekarri dizkigu, baina ekipamendu publikoen plangintzarik ez. Horrek du lehentasuna. Alabaina, etxebizitzen gaiari ere heldu behar diogu. Gure proposamena da hurrengo plan orokorrean etxebizitzen parkea %10 handitzea, hau da, 350 etxebizitza aurreikustea (aurreko planean 1534 aurreikusi ziren) eta horien %50 babestuak izatea. Era berean, gure apustua da lur publikoan alokairu sozialerako etxebizitzen promozio publikoak sustatzea, alokairu sozialerako gutxienez 50 etxebizitza egiteko. Agintaldi honetan hori lortzeko lehen harremanak izan ditugu Visesarekin.
Biztanleriaren hazkundeak behar berriak sortu ditu herrian. Horietako hainbati aurre egin zaie dagoeneko. Zeintzuk daude asetzeko oraindik?
Lehenik, osasun zentroa (Osakidetzak egin behar du; udalak orubea edo lokala utzi behar dio). Gure proposamena argia da, eta epe erdira egingarria, Bidebitarteko kantxetan bi solairuko eraikina egitea. 1000 m2-ko azalera duen espazioa eskatzen du Osakidetzak. Hortxe dugu eta, gainera, herriaren erdigunean dago eta irisgarria da. Espazio berri honek kontsulta hauek ahalbidetuko lituzke, besteak beste: 6 familia mediku, 2 pediatra, 6 erizain (2 pediatriakoak) eta emakumeen arreta kontsulta.
Bigarren, kiroldegia txiki geratu da, nabarmen. Proiektua landuta daukagu. Inbertsio handia da. Bi fase nagusi ditu; bat kiroldegia eta, bi, igerileku estalia. Lehendabizikoa (5 milioi inguru) ezinbestekoa da, irisgarritasuna ziurtatzeko, beheko solairuko eremuak berreskuratzeko, bigarren kantxa bat egiteko eta isolamendua eta barruko antolamendua hobetzeko. Hurrengo agintaldian hori egingo dugu. Gero, igerileku estalia (7 milioi inguru). Ikusi egin behar da egin ala ez. Ederra litzateke igerileku estalia, baina ahalegin ekonomikoa oso handia da. Herritarren esku jarriko dugu erabakia.
Hezkuntza izan da jomuga nagusietako bat azkeneko urteotan: DBH, Herri Eskola, Haurreskola... Zein da egoera eta zer dago egiteko?
Atzerabiderik gabeko urratsak eman ditugu eta udalak egin behar zuena eginda dago. Haurreskola berria iaz zabaldu genuen, hasi eta buka, inbertsio, lan eta ahalegin handia eskatu digu baina oso pozik gaude. Herri Eskola handitzeko obrak uztailean hasiko dira, udalak proiektua idatzi eta Jaurlaitzari 2021eko abenduan eman ondoren. Atzerapen horien aurrean hainbat moldaketa egin behar izan ditugu: kiroldegiaren azpialdea eta haurreskola zaharrak eskolari uzteko egokitu, moldatu eta abar... DBHko ikastetxea eraikitzeko lurrak 2021eko uztailean laga genizkion Hezkuntza Sailari. Une honetan, ikastetxea eraikitzeko exekuzio proiektua idazteko lehiaketa amaitzen ari da Hezkuntza Saila. 2024an proiektua idatzita egon liteke eta ikastetxea amaituta 2026 edo 2027an. Jaurlaritzaren epeak luzeak dira, luzeegiak, baina gurdia martxan dago. Adi egongo gara, inork trabarik jar ez dezan.
Osasun zentroa ere txiki geratu da. Zer egin daiteke?
Osakidetzari duela 3 urte eskaini genion Urumea Berrin eraikitako azken etxe sailaren beheko planta (ia 800 m2koa). Atzera eta aurrera erantzun garbirik eman gabe ibili eta gero, duela hilabete inguru adierazi digute azalera hori ez dela nahikoa eta 1000 m2 behar direla. Gaia aztertzen aritu gara eta proposamen zehatz bat daukagu: Bidebitarteko kantxen aurrealdean eraikitzea bi solairuko eraikina. Herriaren erdigunean dago, irisgarria da, orube soila da. Bi solairutan eginda kantxak atzeratuta molda daiteke. Horretarako, udalak Osakidetzari orubea laga behar dio eta Jaurlaritzak eraikina egin. Udal Gobernua lortzen badugu berehala hasiko gara egin behar diren tramite urbanistikoak egiten hori bideratzeko. Irtenbide ona da.
Garraio publikoarekin izan dira gorabeherak azkeneko urteotan, eta autobus zerbitzua hobetzea eskatu dute herritar askok. Zer aukera ikusten dituzue?
Autobus zerbitzua Foru Aldundiaren eskumena da eta lau urteotan bezala murrizketak gainditu eta zerbitzua hobetzeko eskatuko diogu. Udalak eta herritarrek hainbat unetan presio handia egin genuen eta gauza batzuk hobetzea lortu genuen (BU13a 20 minuturo, BU12a asteburuetan astegunetan bezala...), baina ez da nahikoa. Ondo iruditzen zait Erreala ikustera joateko zerbitzua jartzea edo sagardotegi boladan zerbitzua indartzea edo Errenteria-Garbera-Astigarraga linea... baina guk behar duguna da BU12a indartzea eta ospitaleetara eta unibertsitateetara joateko linea. Mugikortasun planean landuta dauzkagun irtenbideak hor daude: Dbusen lineak luzatzea, konexio nodoa aldiriko tren geltokiarekin, bizikleta elektrikoak Donostiako sistemarekin bateratuta...
Zero Zabor ziurtagiria eskuratu du Astigarragak. Hondakinen kudeaketan, zein bide jarraitu nahi duzue datozen lau urteotan?
Bide beretik joko dugu, hobetzen. Lau urteotan poligonoetako bilketa hobetu dugu nabarmen (bai birziklatze indizea eta bai zerbitzuaren oreka ekonomikoa ere) eta une honetan, Astigarragan biltzen dugun hondakinen %78 sailkatuta jasotzen dugu. Datu ona da eta herria eta biztanleria handitu arren datu horri eutsi egin diogu. Zero zabor ziurtagirian bi izar lortu ditugu eta hobekuntza batzuk eginda hirugarren izarra eskura daukagu. Auzo konposta ere hobetu nahi dugu.
UEMAn sartu berri da Astigarraga. Euskerari dagokionean, zein izango da lan ildoa?
Euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa landuko dugu datorren agintaldiaren hasieratik. UEMA-ren laguntzarekin eta indartu dugun Euskara Zerbitzuarekin astindu handi bat emango diogu euskararen normalizazioari, ez zalantzarik izan. Horrekin batera, AEK euskaltegiarentzat egoitza egoki bat prestatuko dugu.
EH BILDUASTIGARRAGAKO ZERRENDA1. Xabier Urdangarin Lasa |
SAILEZ SAIL, MOTZEAN
Hirigintza, etxebizitza, ingurugiroa, mugikortasuna Plan orokorraren berrikuspena amaitu: hurrengo 10 urteetarako hazkundea %10era mugatu eta herri oreka berreskuratuz, ekipamendu publikoak egokitu eta osatzea. Alokairu sozialerako etxebizitzen kopurua nabarmen aregotzea. Txalakako industrigunearen atzetik doan bidegorria, Troia pasealekura bertara eta DBHra bidegorria egokitzea.
Gizarte Zerbitzuak Gizarte Zerbitzuentzat egoitza berria egokitzea. Kontxa Etxeberria foroaren lankidetzarekin gizarte babeserako eta adin txikikoen babeserako zerbitzuak indartzea. Ergobiako sarreraren hiritartzea eta hobetzea, Ergobiako zubiaren balioa berreskuratzetik hasi eta Pagoagaren lokala auzoko beharretara egokitzeraino. Ibai-parkearen egokitzea eta zabaltzea.
Ogasuna Aurrekontu parte-hartzaileen egitasmoa indartu eta hobetzea. Udalak alokairu sozialera bidera ditzan, etxebizitzak erosteko baliabideak eskuratzea.
Kultura eta jaiak Kultura eta jai partehartzaileak sustatzea, herriko elkarteen parte-hartze aktiboa sustatuz. Kultur programazioa indartu, bereziki nerabe eta gazteen arloan. Euskara normalizatzeko Plan Estrategikoa. Euskararen erabilpena sustatzea. Eskolaren espazio beharrei behin-betiko soluzioa ematea.
Kirola eta gazteria Kiroldegia handitzeko proiektua. Kultur Etxe zaharra gazteen elkargune. Tokiko garapen jasangarrirako plan estrategikoa. Tokiko merkataritza sustatzeko laguntzak.
Berdintasuna, partaidetza eta elkarbizitza IV. berdintasun plana garatzea. Emakumeon Etxearen proiektua indartzea. |