Astigarragako Baratz Elkarteak, Behemendi-Donostialdea Turismoguneak eta Astigarragako Udalak antolatuta, bihartik igandera, maiatzaren 11tik 14ra, ospatuko dira Astigarragako 10. Ilarraren jardunaldiak.
Bihar, ostegunean, Pintxo-pote ilarra antolatu da Astigarragako tabernetan, 19:00etatik aurrera. Sukaldari profesionalak osatutako epaimahaiak izendatuko ditu ilarrarekin egindako pintxo hoberenak.
Astigarragako baratzen bisita Herri Eskolako haurrek etzi ostiralean, maiatzaren 12an, goizeko 09:00etan egingo dute.
Ilarra azoka berezia igandean jarriko da Foru Plazan 11:00etatik 14:00etara. Bertan aurkitu daitezke Astigarragako ilarrak, barazkiak eta Euskal Herriko produktuak (artisau ogia, pastak, txerrikiak, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazta, mermeladak eta konfiturak, eztia….). Hazierako Marc Badalen eskutik tomate landareak banatuko dira. Haziera, Cristina Enea Fundazioko hazien artxiboa da. Inguruko baserrietako abereen erakusketa eta ilar pintxo dastaketa Fede Pacharen laguntzarekin eta sagardoa izango da.