Petritegiko Aparduna Erreserba eta Alai sagardoak saritu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 9a, 00:00

Ioritz eta Argoitz Otaño anaiak, Frankfurten.

Frankfurteko Cider World nazioarteko lehiaketan bi zilarrezko domina lortu dituzte.

Astigarragako Petritegi sagardotegian zorioneko dira: bi sari berri irabazi zituzten apirileko azken asteburuan Frankfurteko Cider World nazioarteko lehiaketan. Ioritz eta Argoitz Otaño anaiek, jaso zituzten sariak. Petritegi Aparduna Erreserbak zilarrezko domina irabazi zuen. Petritegi Alai sagar-bakarrak ere zilarrezko domina irabazi zuen.

Nazioarteko sagardo lehiaketa honek 17 herrialdetako 100 ekoizle baino gehiago biltzen ditu eta munduko beste sagardo kultura batzuk ezagutzeko eta Euskal Herriko sagardogintza eta produktuak ezagutarazteko topagunea da. Aurten ere Petritegiko ekoizpen berezienetako batzuk aurkeztu dituzte, hala nola Aparduna Erreserba eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duen Alai sagar-bakarra (%100 txalaka sagar mota).

Sagardo Aparduna, modu tradizionalean ekoizten da, bigarren hartzidura botilan burutuz. Prozesu horretan sagardoak bere burbuila edo txinparta bereizgarria sortzen du, eta
Petritegiko tunelean gutxienez 18 hilabetez erriman ondu ondoren, sagardo apardunak bereizten duten ñabardurak lortzen ditu: fruta lurrinak eta sagardo sagarren berezko
garraztasunaren eta freskotasunaren arteko harmonia.

Bestalde, Alai sagar-bakarra bertako txalaka sagar motarekin bakarrik ekoizten da eta Jatorri Deituraren zigilua dauka. Txalaka sagar berde-horixka, garratza eta zuku askokoa da, eta sagardo honekin bere esentzia transmititzen dugu: sudurrean zein ahoan freskotasuna eta fruta zapore atsegina, Petritegiko sagastian sagar garratz bati kosk egitearen poza bezala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!